Itxi

Musika

Berri Txarrak Lagunartean

Aiora Renteria (Zea Mays): 'Berri Txarraken ezaugarri nagusia? Lana, lana eta lana'

Natxo Velez | eitb.eus

Zea Mayseko abeslaria ere egongo da Kobetan uztailaren 14an, hirukotearen ondoan. Aspaldiko lagunei buruzko batzuk kontatu dizkigu, Bilboko taldearen hurrengo lana prestatzen diharduen bitartean.

  • Aiora Renteria (Zea Mays)

    Aiora Renteria Kobetan izango da uztailaren 14an. Argazkia: Gaizka Peñafiel.

Noiz eduki zenuen Berri Txarraken berri lehenengoz?

1998ko urtarrilean jo genuen lehenengoz beraiekin, kalean eman genuen lehenengo kontzertuan. Han ezagutu nituen.

Zein dira zure lehen oroitzapenak taldearen inguruan?

Oso formalak iruditu zitzaizkigun. Kontzertu nahikotxo egin genituen beraiekin garai horietan, manager eta diskoetxe berak baikeneuzkan. Asko ikasi genuen beraiekin.

Zer nabarmenduko zenuke Berri Txarraken inguruan?

Lana, lana eta lana.

Nola azalduko zenioke taldea zelakoa den ezagutzen ez duen norbaiti?

Talde langilea, gelditu gabe ibili dena eta lortu duen guztia lanaren bidez lortu duena. Indartsua, zuzeneko oso boteretsuarekin.

Gorkak zuekin kolaboratu zuen “Kukutza III” kantuan…

Plazer handia izan da Gorkaren ahotsa gure abesti baten izatea, bultzada ederra eman zion Kukutzari. Betidanik, asko gustatu zaizkigu bere melodiak; beraz, pribilejio ederra izan zen gurekin izatea!

Eta David oso gertukoa duzue, zuen hainbat diskoren diseinuaz arduratu da, besteak beste.

David gure laguna da, asko lagundu digu diseinuekin eta mila gauzarekin. Berarekin lan egitea oso erreza izan da beti.

Zirrara handiz bizi izan genuen Berri Txarraken baxu-jotzaile bihurtu zenekoa! Artista handia da, musikari eta diseinatzaile moduan. Asko maite dugu.

Beren diskografiako zein kantu aukeratuko zen(it)u(z)ke?

Adibidez, “Zorionaren lobbya”, “Oreka”, “Aspaldian utzitako zelda”, “Dortoken mendean” eta “Lemak, aingurak”.

Zergatik? Bada, ez dakit. Ez dut planteatzen zergatia; gustatzen zaizkit, zerbait sentiarazten didate eta disfrutatzen ditut, zuzenean batez ere.

Kobetako gaua nola biziko duzula uste duzu?

Zirrara handiz. Giro ederra egongo da, eta sekulako jaia izango da.

Zer agur mezu utziko zenioke taldeari, azaroan azken kontzertua eman aurretik?

Faltan botako zaituztegu! Gero arte bat izatea espero dut, edo, behintzat, laster proiektu berriak ateratzea! Musu eta besarkada mordoa!