Musika
Zuzenekoa eta eskola berezia
Bill Evans saxofoi-jotzailea, Bilboko BBK Aretoan
Erredakzioa
Zuzenekoari ekin aurretik, 'masterclass' berezia eskainiko du arratsalde honetan, saxofoia jotzeko bere teknika pertsonala azaltzeko.
Bill Evans, egungo saxofoi-jotzaile onenetako bat, Bilboko BBK Aretoan arituko da gaur. Hitzordua 20:30ean da, eta Ryan Cavanaugh (banjoa), Josh Dion (bateria), Mitch Stein (gitarra) eta Tony Grey (baxua) izango ditu taula gainean lagun.
Ordu batzuk lehenago, 17:00etan zehazki, masterclass berezia eskainiko du Evansek. Bertan, saxofoia jotzeko bere teknika pertsonala azalduko du. BBK-k adierazi duenez, estreinakoz hartuko du Kale Nagusiko aretoak saxofoi maisu baten eskola. Orain arte, gitarra-jotzaile, baxu-jotzaile eta opera abeslari ezagunak aritu ohi dira bertan.
Masterclass horretarako sarreren prezioa 10 eurokoa da, eta BBK Aretoan bertan eta BBKren erabilera anitzeko kutxazainetan daude salgai. Bertan eros daitezke ere gaueko kontzerturako sarrerak, 25 eurotan.
Egungo jazz fusioan izen handia dugu Bill Evans. 1982an ekin zion musika ibilbideari, Mark Egan, Adam Nussbaum, Manolo Badrena eta Mitch Foreman musikariekin batera. Bakarlari gisa, 1984an hasi zen, eta 30 disko baino gehiago kaleratu ditu urte hauetan. 2001ean, funky doinuak jorratzen zituen Soul Insider lana kaleratu zuen, eta Grammy sarietarako izendatu zuten.