Itxi

Musika

Irailak 5-14

Beltza Weekend jaialdiak dantzan jarriko du Iruñea

Agentziak | Erredakzioa

Soul, blues eta R&B jaialdiaren hirugarren edizioa irailaren 5etik 14ra egingo dute, Nafarroako hiriburuan.

  • Lee Fields

    Lee Fields musikariak irailaren 14an joko du

Beltza Weekend jaialdiak jarduera eta espazio gehiago eskainiko ditu hirugarren edizioan, publikoari musika beltza, soula, bluesa, R&Ba, swinga eta boogiea gerturatzeko.

Zentral aretoak hartuko ditu jaialdiaren kontzertu nagusiak: Aretha Soul Divas & The Silverbacks eta Roy Ellis & Mighty Megatons (ostirala, irailak 13) eta Michelle David & The Gospel Sessions eta Lee Fields & The Expressions (larunbata, hilak 14). Egun baterako sarrerak 25 euroan jarri dituzte salgai, eta bi egunetarako bonuak 42 euroko prezioa du (gehi banaketa gastuak).

Bestalde, jaialdiak bestelako jarduera batzuk ere antolatu ditu musika mota honen inguruko jakintza zabaltzeko. Ostegunean, irailak 5, Nafarroako Filmotekak ‘The Commitments’ 1991ko film luzea eskainiko du, Dublingo soul talde baten sorrera kontatzen duena.

Gainera, Zentralen ez ezik, kalean ere entzun ahal izango da musika: ostegunean, irailak 12, 20:00etan, Las Kassettes iruindar taldeak joko du Media Lunan.

Halaber, irailaren 14an, 13:00etan, The Allnightersek joko du, antolatzaileek oraindik zehaztu ez duten espazio batean.