Musika
EGO
German Ormazabal izango da Euskal Herriko Gazte Orkestraren zuzendari nagusi berria
Agentziak | Erredakzioa
Datorren urtarrilean ekingo dio zeregin berriari tolosarrak. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusia izan zen hamar urtez.
-
Hamar urtez EOSen zuzendari nagusi izan zen Ormazabal
German Ormazabal musikari eta enpresa kudeatzaile tolosarra izango da Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioaren (EGO) zuzendari nagusi berria. Ormazabalek datorren urtarrilean ekingo dio zeregin berriari, baina Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak astearte honetan eman du horren berri, behin zuzendari nagusia izendatzeko hautaketa prozesua amaituta.
Eusko Jaurlaritzak joan den udan hasi zuen EGOren zuzendari nagusi bat izendatzeko hautaketa prozesua. Orain arte talde kudeatzaile baten bidez zuzendu da EGO, eta erabaki horren bitartez "bultzada berri bat" eman nahi diote proiektuari. EGOren xedeen artean daude musikari gazteen prestakuntza babestea, musikaren balioak sustatzea eta ikastaroak zein biltzarra antolatzea.
German Ormazabalek Tolosa jaioterrian hasi zituen musika ikasketak, eta pianoko eta akordeoiko goi mailako ikasketak egin zituen Donostia, Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Era berean, Zuzenbidean lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta enpresa kudeaketan prestakuntza zabala jaso du. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko (EOS) zuzendari nagusia izan zen hamar urtez (1996-2005). Enpresa kudeaketari lotuta egon da azken 14 urteetan, hasieran Ikusiko zuzendari nagusi gisa hasieran, eta Velatia familia taldeko Giza Kapitalaren eta Presidentetza Kabinetearen zuzendari nagusi gisa gero.
Pianista modura bakarkako errezitaldiak eskaini ditu eta, bere kolaborazioen artean, besteak beste, Ainhoa Arteta, Ainhoa Garmendia, Pello Ramirez, Garikoitz Mendizabal, Xabier Zabala, Andoni Egaña edota Xabier Lizasorekin egindakoak nabarmen daitezke.
Egun, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin proiektu iraunkor bat du esku artean, bai eta Juan Laboreria baritono eta Maria Martin soprano gazteekin ere. Bestalde, beste proiektu bat du Xabier Lizaso pianistarekin eta Andoni Egaña bertsolariarekin lankidetzan, eta Maite Arruabarrena mezzosopranoarekin zenbait errezitaldi eskainiko ditu laster.