Itxi

Musika

Elkarrizketa

Eñaut Elorrieta: 'Indartsu sentitu naiz zintzotasun ariketa honetan'

Natxo Velez | eitb.eus

Musikariak “Irteera argiak” bakarkako bigarren diskoa kaleratu du, bederatzi kantu zintzo eta dotoreko sorta. Berarekin hitz egin dugu.

  • Eñaut Elorrieta

    Lan berria zuzenean aurkeztuko du hurrengo hiletan Eñaut Elorrietak. Argazkia: Lander Garro.

Irteera argiak Eñaut Elorrietaren (Gernika, 1975) bakarkako bigarren disko sotil eta, halere, oparoak ez du ezer faltan eta ez du, ber gisan, ezer soberan. Elorrietak berak eta Ruben Caballero gitarristak maisuki ekoitzitako diskoan, Eñauten ahotsak luxuzko babesa aurkitu du kantu bakoitzari doiki behar zuena eman dion bost musikariren lanean, hitz egiatiak ohi baino hoskera baxuagoan ebakitzeko.

Borja Barruetak trebeki jarritako bateria erritmo eta perkusio zehatz, jariotsu eta inarrosleek kantuaren alde nasaiki bultzatzen dute Irteera argiak-en entzulea, Eñaut Elorrietaren gitarra akustiko eta ahots melodia zentral eta funtsezkoetara bidean galtzeko arriskurik gabe, Fernando Neiraren baxu lerro jostari eta doien zimenduetan bermatuta une oro (Neirak “Ez dago ezer” intentsitateekin jolasten duen kantu zoragarrian eta “Ur gainean” itxierako kantuan lau harietan egindako lana, horren erakusgarri, esaterako).

Oinarri erritmiko eta melodiko eder hori kulunkan ibiltzen dute Ruben Caballeroren gitarra konponketa soilek (nota gutxirekin, hara-hona lerratzen ditu kantuak gitarristak, nahieran), eta, dena biribiltzeko, Maite Larburuk biolinean, biolan eta thereminean egindako lanak nortasun berezia ematen dio diskoari.

Hitzei dagokienez, Elorrietak gai oinarrizko eta humanistak hartzen ditu kantagai, hala nola heriotza, maitasuna eta zaurgarritasuna, nola berak sinatutako lau kantuetan hala Uxue Alberdi, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga eta Jose Luis Otamendi idazleek sinatutakoetan.

Bizkaitar musikariarekin hitz egin dugu.

Sei urte joan dira Deserriko kantak diskoa atera zenuenetik, eta, tartean, Harian proiektua, Amoria Labeque ahizpekin egindako lankidetza eta Phoenicoperus Ken Zazpiren diskoa egon dira. Noiz hasi zinen Irteera argiak-erako konposatzen? Disko baterako konposizioa epemuga jakin batean egitea gustatzen zaizu ala denboran zehar landutako gauzak errekuperatzen dituzu?

Ez daukat erabat zehaztuta, baina uste dut ez nintzela erratuko esango banizu duela hiru edo lau urte hasi nintzela disko honetako kantuetan lanean. Dena den, egia da hasierako kantu horietatik beharbada ez dudala batere grabatu azkenean. Kantu pila bat sortu ditut, eta, senak aginduta, diskoan sartu ditudanekin gelditzen joan naiz.

Edizio lan hori oso konstantea izan da hasiera-hasieratik. Grabazio estudioan bertan, adibidez, bi kantu kanpoan gelditu ziren. Buruan, obsesio bat nuen: kantuen esentzia mantendu, konstruktorik gabe eta sortu nituenean bezala, eta, nahiz eta oso jantzita egon kristoren musikariekin lan egin dudalako, atzean beti entzun nahi nuen norbait gitarra batekin kantu hori kantatzen.

Nire obsesioa izan da kantuen esentziaren bila joatea, kantuak gitarra eta ahotsarekin soilik bazuen horretara iristea.

Zaila izan da estudioan esentzia hori ez galtzea?

Estudioan, horixe izan da nire lana. Sormen handiko musikariekin lan egin dut, eta gauza pila bat proposatu dizkidate; horri, noski, oso adi begiratu diot, jarrera irekiarekin, eta ederra izan da, baina kantuen arima zaintzea izan da nire lana.

Eta uste dut asmatu egin dugula. Diskoa grabatu eta gero entseguetan hasi garenean, oso eroso sentitu naiz gitarra eta ahotsarekin.

Eñaut Elorrieta. Argazkia: Lander Garro.

Ez zara aritu behar izan, beraz, estudioan egindako aldaketak berriz prestatzen, zuzenekora eramateko.

Hori da, zerbait soila bilatu dugu. Estudioan, buelta pila bat eman diegu kantuei, eman dezan ez diegula bueltarik eman. Freskotasun horri eustea oso lan zaila da, baina uste dut lortu egin dugula. Haritz Harreguy teknikariak lan handia egin du hor: gauza oso gutxi daude editatuta, eta oinarria grabazioaren lehenengo egunetan denok batera grabatutakoa izan da.

Nahasketa ere oso soil eta organikoa da, kantuek eta proiektuak berak berez zekartzaten zintzotasun eta naturaltasuna zaindu nahi genuelako: ahotsa eta bateria erdian, gitarra elektrikoa alde batean eta gitarra akustikoa bestean…

Borja Barrueta, Fernando Neira, Ruben Caballero eta Maite Larburu musikariak izan dituzu lagun. Zer eman dio bakoitzak, zure ustez, diskoari?

Ruben Caballerok kantuak zikindu, itsusitu egiten ditu. Galtzaileago egiten ditu kantuak, baina modu interesgarri batean. Sinesgarritasuna ematen die, eta niri oso ondo etortzen zait hori, nik oso gauza garbiak konposatzen ditudalako. Kantuak asko irabazten du bere ukitu errealista horrekin.

Fernando Neiraren baxuaren lerro melodikoak pasada bat direla iruditzen zait. Fantasia handia dauka, eta ezagutzen dudan musikari sentiberenetako bat da. Normalean, nire aurreko proiektuetan, baxu lerro soilak gustatu zaizkit (Deserriko kantak-en ez zegoen baxurik), baina azkeneko urteetan entzuten dudan musikan arreta eman didate baxu lerro melodikoek, eta Fernandok beste melodia bat gehitzen die kantuei oso modu sotilean, bere lekuan eta dotorezia handiarekin.

Maite Larburu antzinako musikal espezializatuta dago, mundu osoan jo du estilo horretan eta lehenengo aldia izan da baxu eta bateriarekin jo duena. Bere logika ez dagokio pop edo rockekoari, eta ikaragarria izan da. Harribitxi bat izan da, kantuak eraikitzeko orain arte izan dudan logikan ezustean harrapatzen ninduten gauzak proposatu dituelako; nire alderik jolastiena piztu du, nire “Eñaut zurruna” asko apaldu. Musikari bezala, hobetu egiten nau Maitek, eta nire ikuspegi musikala zabaltzen du.

Eta Borja Barruetarena ere ikaragarria izan da. Kantuak jo zituen lehen alditik, barruan sentitu nuen gakoa izango zela proiektu honetarako. “Hareadun” soinua bilatzen duela esaten du berak, “zingiratsua”, eta lortu nahi izan ditugun alderdi ilunetan ezinbestekoa izan da. Ekarpen eder eta ezinbestekoa egin du.

Eta nola ebatzi duzue estudioan sormenaren eta gauzak lotuta eraman izanaren arteko tentsioa?

Esango nuke estudiora gauzak oso lotuta eraman ditudala, egiturari, melodiari eta hitzei dagokienez, baina musikari hauekin sorkuntza kolektiboa egon da. Eta iruditzen zait diskoa den modukoa atera dela musikari hauen ekarpenari esker.

Oso eskuzabalak izan dira, eta oso erraz jarri didate zuzendari lana. Hori bai, birrinduta bukatu dut oso intentsua izan delako grabazioa. Etengabe egon dira gauzak proposatzen, eta egunero 1.500 erabaki hartu behar ziren, disko bat 10.000 erabaki txikik egiten baitute.

Etengabe irekita eta, halaber, norabide batetik tiraka ibili naiz, eta gozatu handia izan da. Pila bat ikasi dut.

Zure ahotsa ere modu ezberdinean landu duzula iruditu zait. Oro har, tonu baxuagoetan modulatu duzu, baina batzuetan (“Eguzki argitan”, “Hariak”) igo egiten zara kantuak epikotasunez janzteko. Bilatu duzun zerbait da?

Bai, azken urteetan ahotsa zentroan jarri dut. Deserriko kantak diskoan, deseraikuntza prozesu batean nengoen, Ken Zazpirekin hainbeste urte ibili ostean, eta Harianekin eta Labeque Ahizpekin nire ahotsaren bide ezberdinak lantzen ibili naiz. Bada, disko honetan, horiek guztiak bildu ditudala uste dut. 

Emozioetara iritsi nahi nuen, baina ez dramatik ezta euforiatik ere. Nire ahotsak, tonu altuetan, epika batera jotzen du, berez duen izaeragatik, eta ez da erraza horretara ez jotzea, zure ahotsak dohain bat duela ikusten duzunean. Baina asmatu egin dudalakoan nago.

Tonu grabeetan, bilaketa interesgarri bat egon da niretzat, eta horrek aukera eman dit koroak aldatzeko ere. Lehen, hirugarrenak eta bosgarrenak egin izan ditut koroetan, eta oraingoan, tonu baxuagoetan ibili naizenez, oktaba erabili ahal izan dut eta beste puntu bat eman dio horrek.

Intentsitatean eta emozioan irabaztea lortu dut horrela, nentorren tokitik gehiegi urrundu gabe, koherentzia baten barruan. 

Hitzetan ere, biluzte saio bat egon dela iruditzen zait, zaurgarritasuna eta zintzotasuna darie testu askori. Zer bilatu duzu hitzetan? Beldurtu zaitu horren agerian gelditzeak?

Gaien aldetik, nire disko pertsonalena da, azken urteetan bizitakoak kontatzen ditudalako, eta ez dut inongo beldurrik edo lotsarik sentitu.

Neure buruarekin zintzoa izan naizela iruditzen zait, eta lasaitasuna ematen du benetan ukitzen zaituzten gauzak bere horretan azaltzea lortzeak. Ahalik eta maskara gutxienekin irudikatu ditut momentuan sentitutakoak, eta horrek nolabaiteko indarra ematen du, zaurgarritasun horretan, nahiz eta kontraesana iruditu.

Norbaiti benetan pasatzen zaizuna kontatzen diozunean, indartsu sentitzen zara, zure egiarekin konektatuta, eta ez da beldurrik sentitzen, nahiz eta kezka batzuk erakutsi. Horrelako zerbait sentitu dudala esango nuke.

Lagun batzuek ausartzat jo dute gauza batzuei buruz hitz egin izana, baina nik ez dut ausardia hori sentitu. Eroso eta indartsu sentitu naiz zintzotasun ariketa horretan.

Eñaut Elorrieta. Argazkia: Lander Garro.

Berriz heldu diozu Sarrionandiaren poesiagintzari, eta Bernardo Atxaga eta Jose Luis Otamendiren testuetara ere jo duzu hitzetan (Uxue Alberdik propio idatzi ditu hitzak, bi kantutarako). Zerk adierazten dizu testu bat musikagarria dela?

Sena dela esango nuke, ez daukat teorizatuta. Edozer gauza irakurtzen nagoela, beti izaten dut bonbilla bat piztuta, eta bat-batean ikus dezaket testu bati bidea eman diezaiokedan edo ez, nahiz eta batzuetan sorpresak izaten diren gero.

Testu hauei dagokienez, iruditzen zait bat egiten dutela disko honetan alderdi musikalean bilatu dugun soiltasun eta zintzotasun horrekin, dramarik eta euforiarik ezarekin. Atxagaren, Sarrionandiaren eta Otamendiren testuek izpiritu hori dute: nolabaiteko baretasun batetik idazten dute hirurek, barruko kontraesanak eta kezkak idazteko beldurrik gabe, eta erabat sintonian zetorren jorratu nahi nuen bidearekin. Horregatik daude.

Lau kontzertu eman dituzu lan berria kaleratu zenuenetik. Zein formatutan taularatzen duzue proiektua?

Asko disfrutatzen ari naiz kontzertu hauetan. Disko honek digestio mantsoagoa eskatzen zuela uste nuen, baina, nire harridurarako, jendeak oso azkar barneratu du. Ez da lehen entzunaldiko disko bat, eta oso pozik nago jendearen erantzunarekin.

Gainera, diskoa grabatu zuten musikariak ditut alboan proiektu hau defendatzen, Borja Barrueta bateria-jotzailea izan ezik. Granadan bizi da eta Madril inguruan aritzen da lanean, eta ezinezkoa izan da, baina etorkizunean gure bideak berriz gurutzatzeko gogoa adierazi diogu elkarri.

Beraren ordez, beste musikari erraldoi batekin goaz: Ander Zulaika Zarauzko perkusio-jotzaile eta bateria, koro ederrak egiten dituena gainera. Labeque Ahizpekin ezagutu nuen; oso zorrotzak dira, eta “Ravelen  Boleroa” jotzeko eskatu zieten casting moduko batera aurkeztu zirenei. Hemezortzi minutuko pieza da, eta etengabe aritu behar da crescendo batean. Anderrek Ikaragarri ondo egin zuen, eta harrituta utzi ninduen.

Kontzertuen bizkarrezurra Irteera argiak izango da, diskoko kantu guztiak joko ditugu. Deserriko kantak-etik orain proposatzen ari garen bide honetara gehien moldatzen ziren kantuak ere egongo dira, baita bertsioren bat eta nire aspaldiko kantu batzuk ere.

Baina soinu, estetika eta intentzio aldetik, fidelak izango gara Irteera argiak-en proposatzen dugunarekin.

Antzokietan bakarrik joko duzue?

Bai, printzipioz, neguan aretoetan eta antzokietan aritzeko asmoa dut, eta gero ikusiko dugu. Iruditzen zait proposamen hau ez dela edozein tokitan aurkeztekoa, festa giroan edo. Aztertu beharko da, baina oso ondo aukeratuko ditut tokiak, eta saiatuko naiz ahalik eta toki egokienak bilatzen proposatzen ari garena bere osotasunean jaso dadin.

Durangoko Azokan aurkeztu duzu lana. Zer sormen produktuk eman dizute arreta bertan?

Aurten, egia esan, standean denbora pila bat egon naiz, eta lasai buelta bat emateko astirik ia ez dut izan. Hala ere, eskura nituelako, hainbat lanekin etorri naiz etxera: Hertzainaken diskoa, Ruperrena, Sarriren liburua…

Eta hainbat musikarirekin ere trukaketa egin dugu. Hor dauzkat diskoak, oraindik entzuteko. Lasai entzun eta disfrutatzeko astia hartu nahi dut.

Zer asmo dituzu aurretik?

Orain lehenesten dudana zuzenekoetan aritzea da. Azken urteetan hari boskote batekin ibili naiz, mundu klasikoagoan, eta oso gustura hartu ditut berriz bateria, baxua, gitarra elektrikoa… Kristoren gogoa dut zuzenean jotzeko eta disfrutatzeko.

Badakit hilabete batzuk barru berriz hasiko zaidala barruan harra, eta gauzak konposatzen jarriko naiz seguru, baina, oraintxe bertan, garbiketa bat behar dut: zuzenean jo eta bidea, agertokia eta bizipenak lantalde osoarekin partekatu.

Eñaut Elorrieta zuzenean ikusteko hurrengo aukerak:

Urtarrilak 17, Getxo Antzokia

Urtarrilak 31, Serantes antzokia (Santurtzi)

Otsailak 7, Areria aretoa (Lazkao)

Otsailak 15, Olalde aretoa (Mungia)

(Eñaut Elorrieta 'Ahoz aho' saioan, 2019ko abenduaren 17an)