Musika
Abuztuaren 7tik 31ra
77 kontzertu eta 42 agertoki, Donostiako Musika Hamabostaldian
Erredakzioa
Nazioarteko hainbat musikari izango dira 72. edizioan, eta Balenciaga Museoa izango da aurten agertokietako bat. Jesus Guridiri omenaldia egiteko, Gasteizera egingo du jaialdiak bidaia, lehen aldiz.
Musika klasikoa jorratzen duen Donostiako jaialdia abuztuaren 7an hasiko da, eta, 31ra arte, Hungariako musika ekarriko du geurera. Franz Liszt eta Béla Bartók musikariei omenaldia egin eta bederatzi estreinaldi hartuko ditu, gehienak musika garaikidea jorratzen duen zikloan eta organo zikloan.
Rossiniren lan ezaguna abuztuaren 8an eta 10ean izango da ikusgai, Kursaalen. Jarraian, hainbat musika hitzordu izango dira bertan: Rotterdameko Orkestra Filarmonikoaren emanaldia, Radio Fráncfort taldearen zuzenekoa, The Age of Enlightenment bandak Easo abesbatzarekin eskainiko duen kontzertua, Radio Cololia-WDR Orkestra Sinfonikoa eta Donostiako Orfeoiaren ikuskizuna, eta Budapesteko Jaialdiko Orkestraren emanaldia, besteak beste. Ezin ahaztu Genevako Balletak taularatuko duen Romeo eta Julieta ikuskizuna.
Abuztuaren 5ean Jazzaldiarekin egingo du bat Musika Hamabostaldiak. Victoria Eugeniako Club aretoan emanaldi berezia eskainiko dute bi piano-jotzailek (klasikoa bata eta jazz mundukoa, bestea).
Uztailaren 30ean, hamabostaldiari ofizialki ekin aurretik, gala liriko berezia eskainiko dute Getariako Balenciaga Museoan.
Gainera, ''Hamabostaldi ibiltaria'' ekimenak mugak gainditu eta Gasteizera egingo du bidaia lehen aldiz, Jesus Guridi konpositoreari omenaldia egiteko bere heriotzaren 50. urteurrenean.