Itxi

Musika

Egunerokoa

Willis Drummonden "Zugzwang Tour" biraren egunerokoa (III)

Jurgi Ekiza | Xan Bidegain | Felix Buff

Bilbon eta Atabalen jo eta gero, Japoniara, Australiara eta Tahitira eramango dute diskoa Willis Drummondekoek, eta hemen kontatuko dizkigute biraren nondik norakoak.

  • Willis Drummond

    Tokio aldean ibili dira willistarrak kontzertuak ematen

2020-02-18   14:17 (jurgi)

Tokiora itzultzearekin, amaitu dira bidaia luzeak Myaren Dodgean. Eta bidaia hauek ziren momentu egokienak idazteko. Beraz, aitortu behar dut pixka bat zailagoa zaidala denbora hartzea azken egunotan. Alta, balegoke kontatzeko.

Myokotik sartzean, zuzenean joan ginen Shinjuku auzora. Auzo horretan da mendebaldar gisa dugun Tokioren irudia aurkitzen. Alimaleko eraikinak, dena publizitate-argiz jantzia, publizitatea airean ere da nagusi, etengabe entzuten diren iragarkien bidez.

Bertan harritu naiz ikustean eraikin oso bat karaokeri eskainia. Kanpotik, etxe bat leiho biziki handi batekin estai bakoitzean. Baina hobeki begiratuz, ohartu naiz leiho bakoitzaren gibelean dagoela norbait mikro batekin, agertzen ez den baina asmatzen den pantaila bati begira. Esplikatu didate jendea doala bakarrik ere karaokera, hobby bat bezala. Eta hobeto pentsatu, eta ez da ideia zozoa. Kantatzea ez al da kirola egitea bezain inportantea? Gauean bertan, kontzertuan ezagutu dugu Madrilgo euskaldun bat Tokion bizi dena, eta berak, musikari izanik, erran digu entseguak egiteko ere azkenean karaoke gela bat alokatzen duela, eta bertan egiten duela entsegua, astean behin, lasai-lasai...

Gero, usaia dudan bezala, galdu naiz hirian, kasualitatez sartuz kale batean ala bestean, sentsazioen arabera...

Autobusetik jaitsi behar gara, geroagoa jarraituko dut kontakizuna!

2020-02-19 09:51(jurgi)

Ikusten duzue? Ez dut denborarik aurkitzen ene istorioak kontatzeko...

Erran bezala, beraz, galdu egin naiz Shinjukun, eta, behingoz, zinez galdu egin naiz. Nahiz eta saiatu egin nuen bide guzia aldrebes egiten, ez nuen lortu Cafe Lavanderia berriz atzematen. Bueltak eta bueltak auzoan, ohartzeko beste “blokean” zela! Baina hori esker, berriz ere zeharkatu nituen kale eta mundu ezezagunak, haien artean hemen hiri guzian atzematen diren karrika estu hauek, zeinetan soilik atzematen diren mini-taberna batzuk. Baina zinez mini tabernak. Hots, 4 ala 5 pertsona soilik sartzen dira bertan. Igogailu batzuk, baina beste mota bateko igoera batekin... kar-kar. Ez naiz sartu aldi honetan eta ez dut argazkirik hartu, baina normalean Okinawan joanen gara horrelako karrika batzuk bisitatzera... Kontatuko dizuegu beste behin, beraz.

Eta bai, Tokioko gure esperientzia amaitzear da, bihar hegoaldeko uhartera joanen baikara, kontzertu bat emateko bertan, baita showcase bat egiteko ere, herri ezberdinetako programatzaile batzuen aurrean. Ea hurrengo urteetan fruiturik ateratzen den hortik. Gu, edozein gisaz, esperientziarekin berarekin eskertuak sentitzen gara jadanik... Baina amets batzuk betetzen direnean, jakin behar da gozatzen eta kontziente izan hortaz noski, baina fite beste amets batzuk sortu behar dira ere, ez?? Bada, batzuk agertu dira dagoeneko Willis Drummonden perspektiban.

Hala ere, ezin dugu Tokio utzi pixka bat kontatu gabe azken egun hauek. Laburki bada ere.

Igandean, beraz, ene bidea berratzeman eta gero, gure lehen kontzertu akustikoa eman genuen. Eta biziki ongi atera zaigu. Familian ginen, duela bi urteko lagun japoniarrekin, baita euskaldun batzuk justu bertan oporretan zeudela, Tokioko beste euskaldun batzuk ere eta lagun berri batzuk, japoniarrak, euskaldunak, australiarra, frantsesa... Lavanderia ttipia ontsa betea zen... eta denek lagundu gintuzten “Joan ikustera”ren koroak kantatzen kontzertua amaitzeko. Momentu ederra.

Horrez gain, ondoko bi gauetan azkenean berriz aurkitu genituen hainbeste maitatu ditugun sentsazioak. Basement eta Cross Tokioko bi auzotako bi kontzertu areto dira. Benetako club batzuk. Baina hemen, edozein club ttipian ere, soinu kalitatea harritzekoa da, eta areto bakoitzak beti baditu bizpahiru gitarra anpli, baxu anpli bat eta bateria bat, taldeei uzteko. Bertako teknikariak, gehienak emazteak, goi mailakoak dira, bai soinuarentzat, baita sinpleki eszena antolatzeko, taldeen artean backline-a berriz prestatzeko... Anpliaren botoi bakoitza ere berrezartzen dute zuk soinu probaren bukaera utzi zenuen bezala. Ez da sekulan akople bat, eta ahotsa beti ontsa entzuten da monitoreetan... Benetan, ez dut ulertzen nola posible den Japonian eta ez Euskal Herrian! kar-kar...

Aldioro, ohorea egin digute gu ezartzea kartelburu bezala, eta aldioro, jendetza ez dagoela ere aitortu behar badugu ere, jendea badago, eta batez ere giroa. Aski jende eta aski giro espazioa betetzeko eta benetako bis bat izateko aldi or. Aski zaigu ezagupena bezala!

Kontzertu laburragoak dira hauek; beraz, setlist bortitzagoak egin ditugu, izerdia bota, oihu egin... Eta kontzertu osteko sentsazio goxo hori berriz atzeman. Gure lekuan gaudela sentitu, egiten duguna egiten dugula, eta hori dela gure bizia. Bakea, azkenean.

Eszena gurekin konpartitzen duten taldeen zerrenda ez dizuet emanen, baina bai gauza anitz oso interesgarriak dira. Denen artean, hori ere azpimarratzekoa da, nesken presentzia handia musikarien artea, tresna guzietan. Eta justuki, gau bakoitzean neska talde ezberdin batek atentzioa piztu digu: astelehenean, Akabane Vulgars; eta asteartean, Maxn. Azken hauek ez dute oraindik 20 urte, eta espero dugu laster Euskal Herrira hurbilduko direla... Kontzertu bikaina. Fresko eta basatia, baina zinezko kanta batzuekin. Sentitzen dugu kontzertuen irudi gutti izatea, baina ezin dugu jo eta filmatu, ez eta kontzertuez gozatu eta grabatu!

Baina Japonicuseko Facebook orrialdetik pasatzen bazarete, denak agertzen dira bertan. Ez duda!

Musikaz aparte, egia erran, ezin dut bizitzen duguna laburbildu... Autobusak eta trenak, beharrezko ala psikosiko maskarak, janaria eta usainak, eta kontrasteak, ikusten den garbitasuna eta produzitzen den plastikazko hondakin kantitatearen artean, egunerokotasunaren absentzia eta edonon bezala arropa garbitzeko beharraren artean, baita nagusi den isiltasuna  eta pachinko barneko erokeriaren artean adibidez...

Espero dut argazki guti hauek lagunduko dutela giroa minimo bat sentiarazten... Bere kontraesan guziekin. Gehiago nahi duenak gure Instagramen atzemanen du Japan Tour story bat, argazki eta bideo guziekin.

Besarkada irakurle bakoitzari, milesker zuen atentziogatik eta interesagatik.