Itxi

Musika

2020/2021 denboraldiia

Beethoveni helduko dio BOSek denboraldia abiatzeko

Agentziak | Erredakzioa

Kontzertuen edukiera txikiagoa izango denez, Bilboko Orkestra Sinfonikoak hirugarren kontzertu bat eskainiko du programako, ostegun goizetan.  

  • BOS

    BOSek hirugarren kontzertu bat eskainiko du programako

Beethoven izango da BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoaren 2020/2021 denboraldiko lehen herenaren protagonista: sei kontzertutan, 1, 4, 5, 6 eta 8. Sinfoniak, biolinerako kontzertua, “Enperadorea” pianorako 5 zenbakiko kontzertua eta, Gabonetako programan, “Biolinerako erromantza” eta “Piano, abesbatza eta orkestrarako Fantasia” joko dituzte, azken bi horiek Bilboko Koral Elkartearen ahotsekin.

Ziklo horretarako, Erik Nielsen BOSen zuzendari titularrak ez ezik, beethovendar interprete handiek ere gidatuko dute Orkestra, hala nola Lars Vogtek, Javier Perianesek, Pablo Gonzalezek eta Clara-Jumi Kangek.

BOSeko arduradunen hitzetan, programazioko lan guztiak musikarien arteko unean uneko urruntze arauek ezartzen dutenera egokitu ahalko direnez, “erabat bermatuta egongo da konpositore handienen musika: Mozart, Brahms, Txaikovski, Dvorak, Carl Nielsen…”

Hiru kontzertu, programako

Gainera, deseskalatze neurriek eragin duten edukiera txikiagoaren aurrean, sarrera gutxiago salduko dira, eta, hortaz, hirugarren kontzertu bat egingo dute programa bakoitzeko, ostegun goizetan.

Denboraldiko lehen hiru programetan hala egingo dute, eta, ondoren, BOSek emaitzak aztertuko ditu, esperientzia hori denboraldi osora luzatzen ote duen erabakitzeko.

Beethoven baino gehiago

2020ko martxoan, Astor Piazzolla tangoaren XX. mendeko berriztatzaile handienaren jaiotzaren mendeurrena ospatuko du BOSek, eta Inauterietako programan Jose Manuel Zapata tenor eta komikoak “shownkontzertu” bat eskainiko du.

Denboraldi honetan, halaber, Unai Urretxo Hego Korean oinarritutako “ibilbide garrantzitsua” garatzen ari den zuzendariak debuta egingo du BOSekin.

Bakarlariei dagokienez, Garrick Ohlsson estatubatuar pianista, Fumiaki Miura biolinista eta Anne Schwanwilms kantaria arituko dira, besteak beste, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin.