Musika
Epaiketa hasi da
Michael Jacksonen hitzak eta azken irudia, epaiketa hasieraren ardatza
Erredakzioa
Ahots grabazio bat eta hil ondorengo argazki bat erakutsi dituzte epaiketaren lehen sesioan. ''Bere bizitza Conrad Murrayren esku utzi zuen, eta horrek heriotza ekarri zion", esan du akusazioak.
Los Angeleseko konderriko Gorteak Conrad Murray doktorearen aurkako lehen sesio izan du astearte honetan, Michael Jacksonen heriotza egotzita. Lehen jardunaldian, abeslariaren ahots grabazio bat eta bere azken argazkia erakutsi dituzte.
Poparen Erregea medikamentu gaindosi batengatik hil zen, duela 27 hilabete, eta Murray artistaren mediku pertsonalari nahi gabeko hilketa egotzi dio fiskaltzak. Lau urteko kartzela zigorra izan dezake, aurkako epaia jasotzen badu.
Akusazioaren lehen alegatuarekin ekin diote epaiketari, eta bertan medikuaren erruduntasuna azpimarratu dute. ''Bere bizitza Conrad Murrayren esku utzi zuen, eta horrek heriotza ekarri zion", esan du Walgren fiskalaren laguntzaileak. Bere hitzetan ''erabateko arduragabekeriaz aritu zen Conrad Murray'', eta aukeztutako ahots grabazioa eta argazkia arduragabekeria horren froga dira, fiskalaren esanetan. Grabazioa hil baino egun batzuk lehenagokoa da, telefonoz egindakoa, eta bertan Jacksonen ahotsa entzuten da, oso, oso motel. Argazkiaren kasuan, berriz, bi irudi aurkeztu ditu akusazioak: bata hil bezperan hartutakoa (Jackson eszenatokian ageri da), eta bestea 12 ordu geroago jasotakoa, ospitalean eta jadanik hilik.
Defentsaren esanetan, ordea, errudun bakarra, Michael bera izan zen: lorik hartu ezin, eta Murray gelatik atera zela aprobetxatuz, lo egiteko medikamentuaren gehiegizko dosia hartu zuen, bere kabuz.
Epaiketak bost aste iraungo ditu
Kenny Ortega koreografoa ("This is it" emanaldien zuzendaria) izango da hurrengoa deklaratzen. Ortega akusazioak deituko du epaimahaiari azaltzeko Murrayk esan ziola Poparen Erregearen heriotzaren aurreko entseguetan artista primeran zegoela, koreografoak kantaria ahul zegoela uste bazuen ere. "Murray doktoreak esan zidan hori ez zela nire erantzukizuna eta ez nuela mediku edo psikologo gisa jardun behar, Michaelen osasuna bere eskuetan utzi behar nuela". Gainera, Paul Gongawarek ere deklaratuko du, AEG kontzertu sustatzailean lanean ziharduen pertsonetako batek. Murrayrekin eta Jacksonekin izandako solasaldien berri emango du azken horrek.
Radar Online webgunearen arabera, artista ezagunaren seme-alaba zaharrenek, Prince Michaelek eta Parisek (14 eta 13 urtekoak) euren amona eta tutorea den Katherine Jacksoni (Michaelen amari) eskatu diote epaiketan deklaratzen utz diezaiela. Katherine ez da bi gaztetxoek bost bat aste iraungo duen epaiketa prozesuan parte hartzearen alde agertu, baina eurek aita hil ziztaien egunean ikusi zutena kontatzeko nahian omen daude.
Epaimahaia 12 pertsonaz osatuta dago, 7 gizonezkoz eta 5emakumezkoz, hain zuzen ere, eta, besteak beste, postari bat,langabezian dagoen kontulari bat eta telebista saioen bat daude.Guzietak adierazi dute Jacksonen heriotzari buruzko albisteen berri izanzutela eta epaimahikideetatik zazpik esan dute artistaren musikarenzaleak direla.
Murrayk onartu du Jackson hil zen egunean lasaigarriak injektatu zizkiola insomnioaren aurka laguntzeko, Propofol delakoa barne. AEBetako komunikabideen arabera, Propofol delako farmakoa ohikoa zen artistaren eguneroko bizitzan. Alabaina, medikuak azaldu du farmako horiek eman ostean, Jackson bizirik zegoela eta gelatik irten zela bera telefono dei batzuk egiteko. Itzuli zenean, Jackson hilda zegoen ohearen gainean. Kantari handiak Conrad Murray mediku personal gisa kontratatu zuen Erresuma Batuan egin behar zuen egonaldian berekin egon zedin.