Musika
365 Jazz Bilbao
Belmondo Quintet, Stacey Kent eta Michael Mossman Bilbon arituko dira
Erredakzioa
Urriaren 6an ekingo diote Bizkaiko hiriburuko jazz zikloaren edizio berriari.
-
Stacey Kent. Argazkia: 365 Jazz Bilbao
Belmondo Quintet talde frantziarra, Stacey Kent abeslari estatubatuarra eta Michael Mossman tronboi-jotzailea arituko dira udazken honetan Bilbon, 365 Jazz Bilbao zikloaren baitan.
Urriaren 6an hasiko da programaren edizio berria, Guggenheim museoan Belmondo Quintet taldeak eskainiko duen emanaldiarekin. Belmondo anaiak dira taldearen burua: Lionel saxofoi-jotzailea eta Stéphane tronpeta-jotzailea. Musikari eklektikoak dira, eta Frantziako jazzaren abangoardiako kideak, antolatzaileek ohar batean jakitera eman duenez.
Azaroaren 11n, berriz, Bilboko Elkarte Filarmonikoan izango da hitzordua, bertan arituko baita Stacey Kent abeslari estatubatuarra. Grammy sarietarako izendatu dute behin baino gehiagotan, eta hainbat sari lortu ditu, tartean British Jazz Award saria (2001), BBC Jazz Award saria (2002) eta Backstage Bistro Award saria (2004). 'Raconte moi' lan berriko doinuak aurkeztuko ditu Bilbon.
Michael Mossman tronboi-jotzaile eta konpositoreak itxiko du udazkeneko programazioa. Euskalduna Jauregian arituko da, abenduaren 1ean eta 2an, BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera.