Itxi

Musika

URRIAK 28 ETA 29

Bilboko hiru aretok 13 kontzertu eskainiko dituzte BIME Cityn

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

BBK, Bilborock eta La Ribera aretoetan izango dira, urriaren 28an eta 29an, BIME Cityko kartela osatzen duten 13 taldeen kontzertuak.

  • 2019ko BIMEren sarrera.

    2019ko BIMEren sarrera.EiTBren bideo batetik ateratako irudia

Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako 13 talde arituko dira BBK, Bilborock eta La Ribera aretoetan, urriaren 28an eta 29an, BIME Pro kongresuaren barruan antolatzen den BIME Cityn.

Aretoak COVID-19ari aurre egiteko protokoloetara egokituta egongo dira, eta, urteroko formatuari jarraituz, profesionalentzat ez ezik, publikoarentzat ere egongo dira zabalik, edukiera bete arte.

Hauek dira BIME Cityko kartela osatuko duten taldeak: Baobabs will destroy your planet, Juarez, Verde Prato, Plágaros, Dupla, DouleurDolor eta Bulego, Euskal Herrikoak; Kings of the Beach eta CRNDS, Galiziakoak; eta Jolly Damper, Playback Maracas, Tarta Relena eta Simona, Kataluniakoak.

Bilboko aretoetako kontzertuez gain, Txileko, Portugalgo, Islandiako, Irlandako, Poloniako, Herbehereetako, Austriako eta Argentinako talde berrien 20 proposamen baino gehiago emango dituzte online, BIMEren plataformaren bidez.

Ikus-entzunezkoek ere tartea izango dute aurtengo jaialdian. Golem zinema-aretoek "Eso que tú me das" dokumentala proiektutako dute, Jordi Évole zuzendariaren eskutik. Kazetaria Bilbon egongo da, hil aurretik Pau Donés musikariarekin izandako elkarrizketa jasotzen duen ikus-entzunezkoa aurkezteko.

BIME Pro biltzarra

BIME Pro jaialdiaren zortzigarren edizioa urriaren 27an, 28an eta 29an izango da, Euskalduna Jauregian. Aurrez aurreko hitzaldiak eta online bidezkoak uztartuko dituzte, eta, antolatzaileen arabera, dagoeneko 37 herrialde baino gehiagoko profesionalek baieztatu dute bertan izango direla. Biltzarraren barruan, BIME Tech sektoreko foroak esparru eta areto handietako kudeatzaileak bilduko ditu, besteak beste, COVID-19aren osteko erronkei buruz eta ekitaldi eta jaialdiek garapen jasangarria bultzatzeko bilatzen dituzten helburuei buruz hitz egiteko.