Musika
Atea, zabalik
Oasis, berriz elkartuta 2015ean?
Erredakzioa
Liam Gallagherrek aitortu du taldearen diskorik salduenaren 20. urteurrena ospatu nahiko lukeela. Ateak zabalik uzten dizkio Oasisen berriz anaiarekin batera aritzeko aukerari.
-
Liam Gallagher. Aragzkia: Efe
Gorrotoaren eta maitasunaren arteko tira-bira da Liam eta Noel Gallagher anaiena. Duela hilabete batzuk anaia txikienak nagusienari salaketa jarri zion, baina, orain, Liamek Oasis taldearen diskorik salduenaren 20. urteurrena ospatu nahiko lukeela aitortu du.
"Gure arteko kaka guztia albo batera uzteko gai baldin bagara, 2015ean elkarrekin bira egin dezakegu, eta disko osoa jo, lanaren 20. urteurrena ospatzeko'', esan du Liam Gallagherrek 'Rolling Stone' aldizkarian. ''Bi noranzko dituen bidea da'', argitu du.
Dena dela, hitz gozoen ondoren, mezu gogorra ere bidali dio anaiari: ''Berak aipatzen nau ni oraindik. Bere miseriatik irten dadila nahi dut; baina, uste dut bakarkako lana egiteko beharra duela, anaia gabe ona ez dela konturatzeko''.
Abuztuan, Noelek aitortu zuen presaz irten zela taldetik, eta beharbada, atseden hartzeko aukera kontuan hartu behar izan zukeela, '(What's The Story) Morning Glory?' lanaren urteurrenean berriz itzultzeko.