Musika
'Hodeien azpian'
Disko berria aurkeztu du Ruper Ordorikak, New Yorken grabatua
Erredakzioa
Elkar diskoetxeak argitaratu duen lanean, abeslari oñatiarraren estilo pertsonalak markatutako hamaika abesti daude.
Hamaika kantu berrik osatzen dute 'Hodeien azpian' Ruper Ordorikaren lan berria, New Yorken grabatu eta Donostiako Elkar estudioetan nahasitakoa. Abeslari oñatiarrak azkeneko bi urteotan sortu dituen kantuak biltzen ditu Elkar diskoetxeak argitaratu duen lan honek; izan ere, 2009an 'Haizea garizumakoa' (Elkar) kaleratu eta gero hasi zen abesti berrien konposaketa lanekin.
Kantuak bakarrik landu ostean, Brooklyn New Yorkeko auzoko estudio batera abiatu zen, hamasei pistatako zintan eta formatu analogikoan grabatzeko. Kenny Wollesen eta Skuli Sverrisson ohiko kolaboratzaileekin batera, Ben Monderrek hiru abestitan jo du gitarra eta Stephen Ulrich musikariak gainerako zortzietan. Kolaborazio berri honek abestiei sonoritate berria ekarri diela adierazi du Ordorikak.
Disko berria aurkezteko bira abenduaren 1an hasiko du Gasteizen. Gero, abenduaren 23an Bilbon eta abenduaren 29an Donostian arituko da Ruper Ordorika.