Itxi

Musika

Azaroak 19an eta 20an

Hamar urte bete ditu Bilboloop jaialdiak

Erredakzioa

Indie eta elektronika doinuen joera berriak biltzen ditu Bilboko jaialdi bizigarrienak.

06:11
Orain: Gora Japon

Azaroaren 5ean, Bilboloop 2011 jaialdia aurkezteko jaia egingo dute Kafe Antzokian, Bilbon. Bertako indie eszenaren erreferentzia bilakatu den jaialdi honetatik, besteak beste, Crystal Fighters, Radio 4, Viva la Fete eta Le Hammond Inferno taldeak igaro dira.

Le Noise, Tom Boyle, Split 77, Souvenir, Ornamento y Delito, Hannot eta Gaizka (Audience), Planeta Leta vs Gurru eta Munlet dira festan ariko diren talde eta musikariak. 21:30ean hasiko den kontzerturako sarrerak doakoak dira eta proiektu bakoitzak abesti zerrenda berezia eskainiko du.

Azaroaren 18an eta 19an egingo duten jaialdia Gora Japon talde bilbotarrak hasiko du. Ondoren, Edredón eta Florrie arituko dira. Azken honek Lady Gaga eta Kylie Minogue ezagunen eragina duten abestiak erakutsiko ditu.

Ostiralean, Optigan1 vs Rijuana (Bilbost) eta Unai Goikolea (Badulake) DJen txanda izango da.

Larunbata, azaroaren 19a, Zapatotipobota talde bizkaitarrak abiatuko du. Indie eta elektronika nahasten dituen talde honen atzetik Fujiya & Miyagi arituko dira. Kraut Rock eta Brit Pop doinuak biltzen dituen talde honek 'Ventriloquizzing' laugarren estudioko diskoa aurkeztuko du. Festak Le Corps Mince de Françoise finlandiarrekin jarraituko du, dantza eta parrandarako giroak eskainiko baititu.

La Morena De Las Monicas Randalls (Badulake), Ander R (Bilbost) eta Maadraassoo, Mimoloco eta Las Dueñas (Fever) disko jartzaileen saioek emango diote amaiera jaialdiari.

Programazioa osatzeko, Imanol Aldonzaren argazki erakusketa antolatu dute, jaialdiaren hamar urteko ibilbidean ateratako irudiak bilduta. Ikusgai dago jada, Ambigu tabernan.

Gainera, Yo, Naufrago taldeak kontzertua eskainiko du azaroaren 19an, 13:00etan, Serie B arropa dendan. Talde honetan, Non, Whitewood, Simca eta Cabinet taldeetan aritutako musikariak daude.

Los Mollasi disko jartzaileek 'Bilboloop cumple 10 años' saioa eskainiko dute azaroaren 11n, 23:00etatik aurrera, eta Jonzuk 'Vermouth Session' eskainiko du azaroaren 19an, 13:30ean. Bi emanaldi hauek Barrenkale Barrena kaleko Kukusoak tabernan egingo dituzte.

Egun baterako sarrerak 8 euro (aldez aurretik) eta 10 euro (txarteldegian) balio dute, eta bi egunetarako bonuak, 15 euro. Azken horrekin, kontzertu eta klub horietara sar daiteke eta Skunk Funk etxeko opari bat jaso.