Itxi

Musika

Musika industria

Neil Youngek bere musika katalogoaren gaineko eskubideen erdiak saldu ditu

N.V. | EiTB Media

Rockaren ikur den kanadar artistak inbertsio konpainia bati saldu dizkie bere kantuen gaineko eskubideen % 50. Bob Dylanek ere saldu berri ditu bere kantuen gaineko eskubideak Universal diskoetxeari.

  • Neil Young

    Neil Young, kontzertu batean. Argazkia: Efe.

Neil Young kantari eta konpositore mitikoak bere musika katalogoaren (1.180 kantu) gaineko egile eskubideen % 50 saldu dizkio Hipgnosis Songs Fund britainiar inbertsio etxeari, enpresa horrek berak iragarri duenez.

Akordioaren xehetasunak ez dituzte zabaldu, eta Bob Dylanek Universal Music Publishing taldeari 600 kanturen gaineko eskubideak saldu eta hilabetera dator. Universalek 244 eta 406 milioi euro artean pagatu zituen orduan.

“Variety” aldizkariak “industria barruko jendearengandik” jakin duenez, Youngen eskubideen prezioa 40 milioi euro ingurukoa izan da, eta musikariak eutsi egingo die bere kantuak publizitate kanpainetan edo ekitaldi politikoetan baimentzeko ahalmenari.

Beste musikari batzuek azkenaldian egin dituzte akordioei helduta, Stevie Nicks kantariak bere kantuen gaineko eskubideen % 80 saldu zizkion Primary Wave etxeari, 81 milioi euroren truke. Gero, enpresek pelikuletan, bideo-jokoetan eta merkataritza mezuetan erabiltzeko saldu ohi dute musika hori.

Bitxia da Youngek “This Note’s For You” kantua kaleratu zuela 1988an, zeinetan euren musika publizitate kanpainetarako saltzen zuten artistei kritika egin baitzien, bideoklipean Michael Jackson, Whitney Houston eta Eric Clapton irudikatuta.

Kantu horren hitzek diotenez, “Ain't singin' for Pepsi, ain't singin' for Coke. I don't sing for nobody. Makes me look like a joke”. (Ez dut kantatzen Pepsirentzat, ez dut kantatzen Coca Colarentzat. Ez dut inorentzat kantatzen. Barregarri sentiarazten nau).