Musika
Kontzertua
Fleet Foxes taldearen soinu barrokoa, Bilbon, gaur gauean
Erredakzioa
Santana 27 aretoan, nazioarteko talde independente interesgarrienetakoa entzuteko aukera egongo da, Vetiver aritu ondoren.
Bi disko argitaratuta, Fleet Foxes nazioarteko talde independente ospetsuenetakoa bilakatu da. Gaur gauean Bilboko Santana 27 aretoan eskainiko duten kontzertuan, 'Helplessness Blues' bigarren lana aurkeztuko dute. Vetiver izango da talde gonbidatua.
Robin Pecknold, Skyler Skjelset, Christian Wargo, Casey Wescott, Josh Tillman eta Morgan Henderson musikariek osatzen dute Fleet Foxes. Taldearen izen bera duen lehen diskoak kritikaren eta entzuleen onespena lortu zuen, eta mundu osoan milaka ale saldu zituzten. 'Helplessness Blues' estudioko bigarren diskoan abesti onak sortzeko ahalmena dutela erakutsi dute. Besteak beste, The Beach Boys, Crosby, Stills & Nash eta Nick Drake taldeen eragina dute.
Vetiver, Andy Cabicek gidatzen duen taldea, San Franciskotik dator. 2004an argitaratu zuen lehen diskoa, eta, besteak beste, Devendra Banhart eta Joanna Newsom musikariek kolaboratu dute horren lanetan. Gaur gauean, 'The Errant Charm' diskoa aurkeztuko dute, estudioko bosgarrena.
Fleet Foxes + Vetiver
Azaroak 24, osteguna
Santana 27 aretoa, Bilbo
19:30ean