Itxi

Musika

Heriotza

Chick Corea pianista, jazz musikaren maisua, zendu da

N. V. | EITB Media

Pianista, teklatu-jotzaile eta konpositoreak 79 urte zituen, eta sortzaileenganako itxaropena eta musikarienganako esker ona adierazi ditu, agur mezu batean.

  • Chick Corea

    Chick Corea Gasteizen eta Donostian aritu zen hainbat aldiz. Argazkia: Efe.

Armando Anthony Corea estatubatuar pianista, teklatu-jotzaile eta konpositorea, Chick Corea, hil da, ostegunarekin, 79 urte zituela, duela gutxi detektatu zioten ezohiko minbizi baten ondorioz.  

“Bere bizitzan eta ibilbidean, Chickek askatasuna eta zerbait berria sortzeak eta artisten jolasetan aritzeak ekartzen zioten atsegina gozatu zituen. Senar, aita eta aitona maitatua izan zen, eta pertsona askoren mentore eta laguna. Hainbat hamarkadatan munduan zehar egindako bidaietan eta bere lanean, inspirazioa izan zen milioika pertsonarentzat”, azaldu dute Facebookeko bere profil ofizialean, heriotza baieztatzeko mezu batean.  

“Nire bidaia osoan zehar nire sute musikalen garra pizturik iraunarazi duten guztioi eskerrak eman nahi dizkiet. Itxaropena dut eskura tintontzi bat dutenek erabili egingo dutela jolasteko, idazteko, aritzeko edo nolanahi dela ere. Zeure buruaren mesedetan egiten ez baduzu, egin besteon alde. Ez bakarrik munduak artista gehiago behar dituelako, ezpada josteta gisa. Eta ezagutu nituenetik nire familia osatu duten lagun musikariei: ohorea eta bedeinkapena izan da zuekin guztiokin jotzea. Nire zeregina beti izan da sortzeko poza ahal izan dudan toki guztietara eramatea, eta horrenbeste miresten ditudan artista guztiekin egitea izan da nire bizitzako altxorra”, utzi du artistak idatzita.

Chelsea Massachusettseko (AEB) hirian 1941eko uztailaren 12an jaioa, 23 Grammy sari irabazi zituen teklatuaren birtuoso honek. Chick Corea jazzaren mitoa da, bost hamarkadako lanaren ondoren.

60ko hamarkadan, Miles Davisen taldean aritu zen, gero Return to Forever taldea sortu zuen eta ondoren Chick Corea & Origin, Chick Corea's Akoustic Band eta Five Peace Band iritsi ziren, baita The Vigil, Tim Garland saxofonistak, Hadrien Feraud baxu-jotzaileak, Marcus Gilmore bateria-jotzaileak eta Charles Altura gitarristak lagunduta.

Chick Coreak jazzeko hainbat estandar konposatu zituen, hala nola Spain, 500 miles high, Armando’s rhumba, La Fiesta eta Windows.