Musika
Kontzertuak
Battles eta The Horrors taldeen rock kosmikoa Bilbora iritsiko da
Erredakzioa
Lehen aldiz arituko dira Euskal Herrian eta 'Gloss Drop' eta 'Skying' disko berriak aurkeztuko dituzte hurrenez hurren.
-
The Horrors Bilboko Kafe Antzokian izango dira larunbatean
Nazioarteko pop rockaren eszenako talde interesgarrienetakoak dira Battles eta The Horrors. Bilboko Kafe Antzokian izango dira asteburu honetan bere disko berriak aurkezten:
Battles + Walls
Abenduak 2, ostirala, 21:00etan
Kafe Antzokia, Bilbo
Sarrerak: 20 euro + banaketa gastuak (aldez aurretik) eta 25 euro (atean).
Errritmo biziko taldea da Battles. Aurretik, Don Caballero eta Helmet taldeetan aritutako musikariak biltzen dira bertan. Post rock matematikoa egiten dute eta instrumentuek daramate abestien pisua. Hala ere, free jazz doinuak ere aurkitu daitezke bere musikan. 'Mirrored' diskoarekin arrakasta handia lortu zuten eta 'Gloss Drop' lan berrian Kazu Makino (Blonde Redhead), Gary Numan historikoa eta Matias Aguayo elektronikako ekoizleak parte hartu dute, besteak beste. 'Ice cream' kantu dibertigarria eta 'My machines' azkarra entzun daitezke lan berrrian. Aurretik, Walls taldearen musikak girotuko du agertokia.
The Horrors + Cerebral Ballzy
Abenduak 3, larunbata, 21:30ean
Kafe Antzokia, Bilbo
Sarrerak: 17 euro (aldez aurretik) eta 20 euro (atean)
The Horrrors taldearen punk zikina pop argitsu eta garbi bilakatu da 'Skying' estudioko lan berrian. Asko landutako disko honekin heldu egin da taldea eta, psikodeliak lagunduta, abesti indartsuak osatu dituzte. 'Strange house' lehen diskoarekin Erresuma Batuko eszena astindu zuten eta orain balazta zapaldu dute musika atseginagoa lortuz. Cerebral Ballzy taldea arituko da aurretik. Eskola zaharreko hardcorea egiten duen talde gazte honek entzuleak astinduko ditu.