Musika
Epaia
Lau urteko kartzela-zigorra Michael Jacksonen medikuarentzat
Erredakzioa
Nahi gabe hilketa egiteagatik jaso dezakeen zigorrik handiena da. Kartzelan bi urte baino gehiago ez ematea aurreikusten dute.
-
Lau urteko kartzela-zigorra Michael Jacksonen medikuarentzat. Argazkia: EFE
Lau urteko kartzela-zigorra ezarri diote Conrad Murrayri, Michael Jacksonen mediku pertsonalari. Nahi gabe hilketa egiteagatik jaso dezakeen zigorrik handiena da.
Konderriko espetxean beteko du zigorra kardiologoak. Kaliforniako kartzeletan presoen pilaketa da nagusi eta horregatik Murray Estatuko espetxe batean sartzea baztertu dute agintariek. Kartzelan bi urte baino gehiago ez ematea espero dute. Gainera, zigorraren zati bat etxean bete dezakeela diote zurrumurruek.
Murrayren aurkako hitz gogorrak erabili ditu magistratuak. Behin eta berriro gezurretan aritu dela eta atsekaberik azaldu ez duela adierazi du epaileak. "Michael Jacksonek traizionatu zuela esatera heldu zen, ez da damutzen eta biktimari errua botatzen dio", esan du epaileak haserreturik. Murray "arrisku publiko bat" dela erantsi du magistratuak. Murrayren ekintzak "medikuntza beldugarritzat" eta "zoramen medikotzat" jo ditu Pastorrek. Jackson zaintzeko estandar medikoak ahaztu zituen "diruaren, ospearen eta prestigioaren" truke, gaineratu du.
Joan den azaroaren 7an bukatu zen Conrad Murrayren kontrako epaiketa, eta errudun jo zuten bertan Murray, nahi gabe hilketa egitea leporatuta. Epaian jasotzen zenez, medikuak arduragabekeriaz jardun zuen, eta jarrera horrek eragin zuen 'Poparen Erregearen' heriotza.