Itxi

Musika

1,9 milioi euro

38 kontzertu, Donostiako Kursaal Jauregiko denboraldi berrian

Erredakzioa

Benito Lertxundi, Manolo Garcia eta Michael Nyman arituko dira Gipuzkoako hiriburuan, 2012an. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek 40. urteurrena ospatuko dute Donostian.

  • Benito Lertxundi Donostiako Kursaal jauregian arituko da 2012an.

    Benito Lertxundi Donostiako Kursaal jauregian arituko da 2012an. Argazkia: EITB

2012an Donostiako Kursaal Fundazioak izango duen aurrekontuak % 5 egin du behera, eta 1,9 milioi eurokoa izango da. Hala ere, 38 kontzertu programatu dituzte, horietatik 11 familia giroan gozatzeko moduko ikuskizunak, eta 10, berriz, musika klasikokoak.

Aurretik iragarrita zeuden Amaia Montero (martxoak 2) eta Vetusta Morla (otsailak 11) musikari eta taldeekin batera, Michael Nyman (otsailak 22), Manolo Garcia (maiatzak 15) eta Low estatubatuarrak (martxoak 30) izango dira Kursaalen.

Euskal doinuak ere izango dira entzungai: Bide Ertzean (martxoak 1), 'Baionatik Donostiara, Iparraldeko Kantariak' ikuskizuna (martxoak 11) eta Benito Lertxundi (maiatzak 19), besteak beste. Desert Slide taldeak Rajasthango doinuak ekarriko ditu Donostiara, eta Antonio Machado idazlearen poemak musikaz lagunduta izango dira entzungai: Jose Sacristanek jarriko die ahotsa, eta Judith Jauregui piano-jotzaileak, berriz, musika.

Doinu klasikoen esparruan, aipatzekoak dira Grigory Sokolov piano-jotzailea (otsailak 16), Londreseko Orkestra Filarmonikoa (otsailak 28) eta Bach handiaren 'Johannes Passion' ikuskizuna (Christoph Pregardien zuzendariaren gidaritzapean). Sinfonia Varsoviak eta Iruñeko Orfeoiak emanaldia eskainiko dute apirilaren 1ean, eta Ensemble Matheus taldea ere izango da Kursaalen, maiatzaren 30ean.

Txikienek kontzertu didaktikoak izango dituzte aurten ere, eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo ezagunen 40. urteurrena osatzeko festan parte hartu ahal izango dute, ekainaren 9an.