Itxi

Musika

Elkarrizketa

David Gonzalez: "Oso harro gaude 'Fyre'z, eta esfortzu hau guztia merezi du"

Natxo Velez | EITB Media

Cobra rock laukoteak “Fyre” diskoa aurkeztuko du ostegunean Bilbon, dinamiko eta askotarikoagoa izanagatik ere, aurreko hirurak bezain kantu zerrenda sendoa duena.

  • Cobra

    Cobra taldeak ostegunean, apirilak 1, joko du Bilbon, Santana 27 aretoan

Sortzea oroz gain aurrera egitea da, hertsatzen gaituzten zametatik ahal dugun neurrian libratu eta mezu bat zabaltzea, norberak eta bestek beren kargak arindu edo berorietatik askatzeko. Erraza dirudi, horrela esanda, baina ez hala.

Hortik aurrera, sormenaren emaitza diren lanen gaineko analisiak daude, zentzudunak izan zein ez, eta, musikari dagokionez (bai, bada Cobrari buruz hitz egiteko ordua; barka itzulinguruak), estiloez, eraginez, soinuez, ekoizleez eta bestelako inguruabarrez mintza gaitezke.

Kontua da “Fyre” (2020), Cobra laukotearen –Haritz Lete (Kokein, Osso; ahotsa), David Gonzalez (Berri Txarrak, PiLT; baxua), Josu Luengo (Evirus69, gitarra) eta Ekain Elorza (Morgan, Seiurte, bateria)– laugarren diskoa, adibide ona dela ausardiak saria ekartzen duela erakusteko, eta honen guztiaren mamia kantuak direla gogora ekartzeko, formatu, etiketa eta muga estilistikoak gorabehera. Gainerako guztia osagarria besterik ez da.

Lau taldekideok azaldu dutenez, disko hau mugarritzat hartu dute, proposamen musikala freskatzeko saio gisa, eta berritzeko gogo artistiko egiati hori zeharo argi gelditzen da emaitzan, inoiz baino lan dinamiko, aberats eta biribilago batean. Dena dago dagokion tokian, kantuaren alde baldintzarik gabe.

Berezkoak dituzten ezaugarriak galdu gabe (gitarra riff astun, indartsuak eta lepo-hausleak hor daude oraindik, baita Leteren ahotsa eta oinarri erritmikoa –zer esango dugu honezkero Ekain Elorzaren eta David Gonzalezen trebetasunaz entzuleak ez dakienik?– ere), Cobrak ikuspegia zabaldu du, eta disko honetan nabarmenak dira erritmo azkarragoak (“Firebird”eko hasiera bridagabea), ahotsaren erabilera melodikoagoa (“Oroiminduak”), soinu argi eta nasaiagoa eta, oro har, aniztasuna eta malgutasuna ekarri dituzten muga estilistiko laxoagoak. Amen batean pasatzen dira hamar kantuek irauten duten 37 minutuak.

David Gonzalez taldeko baxu-jotzailearekin hitz egin dugu, ostegunean, apirilak 1,“Fyre” diskoa Santana 27 Bilboko aretoan aurkeztu baino egun batzuk lehenago. Ikarass durangarrak izango dituzte lagun bertan, 2020an Euskal Herriko metal eszenan argitaratu den disko bikainenetako bat egin dutenak: “Relapse into desolation” birrintzailea.

Pandemiak eta haren aurreko murrizketek kolpe gogorra jo dizuete: diskoa itxialdi betean atera zenuten eta hamaika traba aurkitu dituzue aurkezpen kontzertuak emateko (Bilboko hau atzeratu behar izan da). Zer aldartez hartu duzue hori guztia? Zelan dago Cobra gogo aldetik?

Diskoa iazko martxo amaieran atera zen, itxialdia ezarri eta bi astera, eta, orduan, hilabete batzuetako kontua zirudien. Uda hasierarako dena martxan egon zatekeen, eta aurrera egitea erabaki genuen, ordurako lotuta genituen datak atzeratu eta moldatuta. Gero etorri zena historia da.

Ordudanik, apurka-apurka joan gara, epe luzera gehiegi pentsatu gabe eta topatu ditugun gorabehera eta eragozpenekin ahalik eta ondoen borrokatzen.

Beste guztioi bezala, denetarik gertatu zaigu, eta hemen gaude, pixka bat nekatuta baina “Fyre” defendatzeko behar dugun indar nahikoarekin, diskoarekin oso harro baikaude eta ahalegin hau guztia merezi duelako.

Testuinguru honetan, aldatu da kontzertuak jo ahal izateak sortzen dizuen zirrara?

Hasiera batean, nik neuk ez nuen gogo handirik egungo baldintzetan jotzeko. Nekez irudika nezakeen rock kontzertu bat jendea eserita, elkarrengandik urrun… Baina lagun batek zera esan zidan: mahai baten bueltan eserita, garagardo batekin kontzertu bat gozatzen. Zer irten liteke gaizki?

Bi aukera genituen, etxean gelditu edo diskoa defendatu, eta azken horren alde egin genuen. Gero, lehen kontzertua iritsi zen, eta, murrizketak murrizketa, agertoki gaineko sentsazioa eta publikoarekiko lotura… magikoak izan ziren.

Jendea gogo biziz dago, eta hori igarri egiten da; aulkiak, musukoak eta gel hidroalkoholikoa beste maila batera pasatzen dira orduan.

Josu Luengo, Haritz Lete, Ekain Elorza eta David Gonzalez

Nolakoak dira kontzertuak ditxosozko “normaltasun berri” honetan? Nola bizitzen ari zarete zuek?

Nabari da jendea gogotsu dabilela, eta zerbait irabazi badugu, arreta maila da. Publikoa lehen baino adiago dago, eta beraietako askok gauza gehiago deskubritzen dituzte kontzertu batean zehar.

Hortaz, taldeok eta musikariok presio erantsia dugu inoiz baino hobeto egiteko, begi asko baititugu gainean eta denak oso adi baitaude.

Hala ere, jende pilaketaren, izerdiaren, garrasien, kantuen eta dantzen hutsunea dut oraindik, baina oraingoz hori da panorama, eta, apurka-apurka, puntua hartzen goaz.

 “Fyre” disko azpimarragarria aurkeztuko duzue Bilbon azkenik, apirilaren 1ean. Zelan uztartzen dira disko berri horretako kantuak aurreko errepertorioan?

Guretzat, “Fyre” aurrerapausoa izan da taldearen proposamenean. Gure disko biribilena eta sendoena da, harro sentiarazten gaituzten kantuz beterik dago, eta horrek gure errepertorioa hobetu du.

Diskoko kantu guztiak jotzen ari gara, klasiko zaharrez gain, baina, gehienbat, “Fyre” da errepertorioaren funtsa. Seguru asko orain arte inoiz idatzi ditugun kantu onenak diren hauek aldarrikatzeko modu bat da.

Jendearen erantzuna bikaina izaten ari da, eta kantu berri asko taldearen klasiko izateko bidean jarri dituzte.

Hain zuzen ere, muga estilistiko lausoagoko lana da “Fyre”, soka askeagokoa. Kantuak konposatu aurretik zeuen buruari nahita jarritako helburu bati dagokio barietate hori?

Taldearen hurrengo pausoaz hitz egiteko batu ginenean, baldintza bakarra jarri genion geure buruari: aurreko diskoaren bigarren zati bat ez egitea. Hamabost urteren ondoren, proposamen musikala freskatzeko eta pauso bat gehiago emateko unea zen, betiere gure estiloaren eta ahalmenaren barruan, azken batean rock talde bat izaten jarraitzen dugu eta.

Espero genuen emaitza lortu dugu. Oso harro gaude talde mailan zein maila pertsonalean egin dugun ahaleginarekin.

Erraza ez, baina hunkigarria eta atsegina izan da ikustea, haria tenkatuz baina Cobraren soinua eta mamia galdu gabe, gai izan garela geure burua berrasmatzeko eta gure estiloan elementu berriak sartzeko.

Zuk Berri Txarrakeko bidea bukatuta, Cobrari bultzada berezia emateko asmoa zegoen “Fyre”ren atzetik, koronabirusaren aurretik. Oraindik ere horri eusten diozue? Konposatzeko aprobetxatu duzue itxialdia edo bide luzea geratzen zaio oraindik “Fyre”ri?

Hori zen asmoa hasiera batean, Cobrari azken urteotan eskaini ezin izan dizkiodan denbora eta arreta eskaintzea. Eginahalak egin eta, gure aukeren barruan, noraino hel gintezkeen ikusi. Horrek ekarri du disko berriaren erronka.

Oraintxe bertan, asmo guztiak hankaz gora, noraezean, daudenez, inprobisatzen eta hau guztia ahalik eta ondoen gobernatzen jarraitzen dugu. Ez da erraza izango, baina “Fyre”k merezi du jendeak entzutea eta, batez ere, zuzenean jotzea eta partekatzea; hartara, oraindik merezi duen bidea egin ez duen disko berri baten gisan hartzen jarraituko dugu.

Zer aurkituko du publikoak Cobraren Bilboko zuzenekoan?

Kontzertu oso berezia da guretzat. Aforo murriztua dela eta, gure diskorik onena Santana 27 aretoan aurkezteko aukera egokitu zaigu, kontzertu handia ahalbidetuko duten baldintza tekniko ezin hobeetan.

Gainera, Ikarassekin partekatuko dugu agertokia, diskoa aurkeztuko duen beste talde batekin; beraz, egun gogoangarria izango dela ematen du.

Horretarako, “Fyre”ko kantu guztiak eta gure diskografia osoko beste ale batzuk bilduko dituen errepertorioa prestatzen ari gara.

Ezinbestean, indarrean diren segurtasun neurri guztiak izango ditu emanaldiak; beraz, denoi dei egiten dizuegu modu seguruenean zuzeneko musikaz beteriko arratsalde batez gozatzera etortzeko, oso beharrezkoa baita garai hauetan.

Aprobetxa dezagun, labur-labur jartzeko…

Euskal talde edo bakarlari bat: Sua

Atzerriko talde edo bakarlari bat: Manchester Orchestra

Euskal baxu-jotzaile bat: Ruben Gonzalez (Zea Mays)

Atzerriko baxu-jotzaile bat: Tim Commerford

Bateria-jotzaile bat: Borja Barrueta

Gitarrista bat: Trey Spruance

Kantari bat: Frank Carter

Musikari moduan emandako kontzertu gogoangarri bat: San Frantzisko (AEB). Berri Txarraken “Ikusi Arte” biran izan zen, Knockout aretoan. Baxuan izan dudan eragin handienetako bat gonbidatu nuen (Billy Gould, Faith No More) eta kontzertura etorri zen. Emanaldiaz gozatzen ari zela agertokitik ikustea ez dut sekula ahaztuko...

Ikusle moduan disfrutatutako kontzertu gogoangarri bat: John Carpenter (Sitges Festival)

Amets/helburu bat Cobrarentzat: Oroitzapen ona ez ezik, denbora iraungo duten kantuen diskografia ona uztea.

Mezu bat musika jotzen hasten ari den batentzat: Jarraikitasuna eta nortasuna. Musika iraupen luzeko lasterketa bat da, eta oso garrantzitsua da pazientzia izatea da; emaitzak ikusteko modu bakarra da.

Bestalde, oso garrantzitsua da zure nortasuna aurkitu eta garatzea, gabeziak onartu eta bertuteak esplotatzeko.