Itxi

Musika

FRANCO BATTIATO HIL DA

Betiko isildu da Franco Battiatoren ahotsa

o. P. | EITB MEDIA

Gaur 76 urterekin hil den abeslari eta artista italiarrak diskografia zabala utzi du, musika arloan eklektizismoa eta letretan espiritualtasuna izanik ezaugarri nagusiak.

  • Franco Battiato kontzertu batean.

    Franco Battiato kontzertu batean. Argazkia: rabendeviaregia(CC)

Franco Battiatoren galerak askoren begiak busti ditu gaur, Italiako kultur panoramako pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa izan dena gaur goizean hil baita, 76 urte zituela, Miloko (Sizilia) bere etxean.

1945eko martxoaren 23an Jonian jaioa, ezagun egin zen Centro di gravità permanente (1981), Voglio vederti danzare (1982), edo La cura (1996) bezalako abestiekin. Dena den, horiek sei hamarkadetan ondutako bere ondare musikal eta artistiko zabala den icebergaren puntatxoa baino ez dira.

Musikari eklektikoa izanik, beti aldatzen eta eboluzionatzen ari zena, bere diskografiak bizi izan zituen garai bakoitzeko joera abangoardistenak jasotzen ditu, esperimentazioa, rock progresiboa eta New Wave-a, baita pop-a, opera eta musika etniko eta mestizoak ere, hori guztia poesiaz eta kutsu existentzial batez inguraturik beti.

Bere abestietako letra asko bere lagun Manlio Sgalambro filosofoak idatzi zizkion, eta orobat, giza eskubideen eta justizia sozialaren aldarrikapena dira, botereekiko kritika eta jakinduriarako, espiritualtasunerako, gizatasunerako eta, batez ere, maitasunerako deia.

Bere konpromiso etikoaren erakusle izan zen, besteak beste, Bagdaden 1992ko abenduan eskaini zuen kontzertua, Irakeko haurren aldeko Zubi bat Baghdadentzat ekimen humanitarioan parte hartuz. Battiatok Irakeko abesti herrikoi bat arabieraz abestuz hasi zuen kontzertu hura.  

Mundu mailako ospea izan arren, edo agian horregatik, Battiatok bizitza diskretu eta espirituala zeraman Sicilian, eta bertatik zinemagile eta margolari bezala ere egin zituen lanak.

"Maisu batek utzi gaitu. Italiar kantagintzan autore handienetakoa. Bakarra, imitaezina, beti arte-adierazpen berrien bila. Betiko ondarea utzi du", adierazi du Dario Franceschini Italiako Kultura ministroak.

Familiartean emango diote azken agurra artistari.