Itxi

Musika

Uztailak 14-18

Gasteizko Jazzaldiak egoitza berria izango du aurten, Iradier Arena

N. V. | EITB Media

Jaialdia bueltan da, iaz bertan behera gelditu eta gero, eta Anne Paceo eta Antonio Sanchez bateria-jotzaileek eta Pablo Martin Caminero gasteiztar kontrabaxu-jotzaileak joko dute, besteak beste.

  • Anne Paceo

    Anne Paceo bateriak uztailaren 17an joko du Iradier Arenan

Gasteizko jazz jaialdia uztailaren 14tik 18ra egingo da, iazko edizioa koronabirusaren erruz bertan behera utzi behar izan eta gero.

Aurrekontu murritzagoa eta, egun kultura ekitaldiak hartzeko murrizketetarako egokituta dagoenez, agertoki nagusia Iradier Arenara aldatu izana dira 44. edizio honen berrikuntza nagusiak, aldez aurretik. Kontzertu nagusia uztailaren 17an izango da, jazzaren egungo bi bateria-jotzaile onenetakoek joko baitute egun horretan, Iradier Arenako programa ixteko: Anne Paceo eta Antonio Sánchez mexikarra.

Itamar Borochov israeldar tronpetariak abiatuko du, uztailaren 14an, programazioa Atlantic Bridge Alberto Conde (pianoa) eta Kin Garciaren (kontrabaxua) eskutik ukitu afroamerikarrak eta galiziarrak nahasten dituen proiektuak itxiko duen gaualdian.

Mary Halvorson Massachusettseko gitarrista iritsiko da hilaren 15ean Gasteizera, Thumbscrew taldearen buru, eta Pablo Martin Caminero gasteiztar kontrabaxu-jotzaileak lagundiko dio egun horretan kartelean, jazz flamenkoko kantuak erakusten.

Uztailaren 16an bi pianistak joko dute: Kathrine Windfeld eta Moisés Sánchez.

Principal antzokira ere iritsiko da jaialdia, eta, aurreko urteetan bezala, proposamen berritzaileenak entzun ahalko dira bertan, hala nola Miguel Salvador Quartet (hilak 14), Gonzalo Val Trío (hilak 15), CMS Javier Colina iruindar kontrabaxu-jotzailearen hirukoa (hilak 16) eta Lucía Martínez & The Fearless (hilak 17). Uztailaren 18an, Marije Obara Quartetek itxiko du Gasteizko antzokiko eskaintza.

Jaialdiaren antolatzaileek aurreko maila eta ohiko egitura berreskuratu nahi dituzte, pandemiaren amaierak ahalbidetzen dienean.