Musika
Kontzertua
Zinema eta musika bat eginda Michael Nymanekin Donostian
Lehen zatian, Michael Nyman Band taldearen arrakasta handiak entzungo dira eta bigarrenean, "Vertov Sounds" diskoko piezetako bat estreinatuko da.
-
Michael Nyman. Argazkia: EITB
Michael Nyman pianistak musika eta zinema uztatuko dituen ikuskizun bat aurkeztuko du arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Donostiako Kursaal Zentroko Ganbera Aretoan.
Programak bi zati izango ditu. Aurrenekoan, Michael Nyman Band taldearen arrakasta handiak entzungo dira, "Michael Nyman" diskoaren berrargitalpen bereziaren harira, taldearen lehen diskoaren 30. urteurrena ospatuz. Bigarren partean, "Vertov Sounds" diskoko piezetako bat estreinatuko da; Dziga Vertoven "A Sixth Part of the World" (1926) filmaren soinu-banda da, Michael Nymanek 2010ean konposatu zuena eta Michael Nyman Bandek filmaren proiekzioaren gainean joaz interpretatuko duena.
"A Sixth Part of the World" filmaren musika Vienna Konzerthaus orkestrak Michael Nymani egindako eskaera bat izan zen. Nymanek 2009an grabatu zuen, eta diskoa 2010ean argitaratu zen, "Vertov Sounds" izenburupean. Disko honetan dago "The Eleventh Year" obra, hau ere Nymanek soinu-banda ipini zion Vertoven filma. Kasu honetan, Kunstfest Weimar jaialdiaren, ZDFren eta ARTEren eskaera izan zen. Vertoven bi film hauek berez mutuak dira.
Michael Nymanen eta Vertoven arteko harremana 2003an hasi zen, urte hartan Nymanek "Man with a Movie Camera" filmaren soinu-banda konposatu baitzuen. Errusiar maisuarekiko topaketa funtsezkoa izan zen Nymanen planteamendu estetikoaren definizioan, zinemaren eta dokumentalaren esperimentazioari zegokionez.
Michael Nyman musikagile britainiar berritzaile eta txalotuenetako bat da, eta oso lan zabala egina du: operak, hari-laukoteak,
soinu-bandak eta kontzertu-orkestrak. Konpositorea izateaz gain, interpretea, zuzendaria, pianista, idazalea, musikologoa, argazkilaria eta zinemagilea da. "Berpizkundeko gizontzat" jotzen dute; izan ere, bere sorkuntza-interesak eta balioaniztasun artistikoak gaur egungo kultura-ikono liluragarri eta eraginkorrenetako bat bihurtu dute.