Itxi

Musika

Twitterren arrakasta

Lady Gagak 20 milioi jarraitzaile baino gehiago ditu Twitterren

Nagore Valle

Sare sozialean jarraitzaile gehien dituen pertsona da abeslari polemikoa

  • Lady Gaga.

    Lady Gaga. Argazkia: EFE.

Lady Gagaren arrakasta arlo guztietan hedatzen ari dela ematen du. Diskoen salmenten zerrendetan postu gorenetan egoteaz gain, sare sozialetan jarraitzaile kopuru ikaragarriak lortu ditu abeslari estatubatuarrak.

Twitterren 20 milioi jarraitzaile baino gehiago lortzen dituen lehenengoa bilakatu da abeslaria, beste hainbat pertsonaia ezagunen aurretik. Twittercounter webgunearen arabera, hurbiletik jarraitzen dion bakarra Justin Bieber gaztea da, 18 milioi jarraitzailerekin. Facebooken, aldiz, jarraitzaile gehien dituen hirugarrena da Lady Gaga, 48,8 milioirekin. Antzeko zerbait gertatzen zaio MySpace, Google + eta bestelakoetan ere.

Gehienetan twitterreko kontua berak eguneratzen badu ere, horren atzetik profesional talde bat ipini behar izan du abeslariak profila mantendu ahal izateko. Bertan, argazki pertsonalak igotzeaz gain, zaleekin hitz egiteko aukera aprobetxatzen du.

Sare sozial propioa
Interneten daukan arrakasta ikusita, estatubatuarrak sare sozial propioa prestatzea erabaki du. Guneak Little monsters izena izango du eta bertan sartzeko abeslariaren webgunean eskuragarri egongo den gonbidapena bete beharko dute jarraitzaileek.

Plataformaren bidez artistaren inguruko edukia partekatzeko eta haien artean komunikatzeko aukera izango dute abeslaria gustuko dutenek. Ekimenak arrakasta daukan ikusteko dago baina beste sare sozialetan dituen jarraitzaileak batzea lortzen badu, mugimendu ikaragarria izango du webguneak.