Itxi

Musika

Ura Bere Bidean

Fernando Velázquez: "Hunkitzea bilatzen ez baduzu, ez duzu kantatzen"

Natxo Velez | EITB Media

Ostiral-larunbatetan, abenduak 10 eta 11, hainbat euskal abeslarik kantu historikoen bertsioak eskainiko dituzte Bilbao Arenan, Fernando Velazquezek gidatuta, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearen babesean.

  • Fernando Velázquez

    Fernando Velázquez

Bilboko Koral Elkartea eta Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Fernando Velazquezek gidatuta, eta, horiekin batera, ahotsa jartzen, Alex Sardui (Gatibu), Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz (Huntza), El Drogas, Francis (Doctor Deseo), Olatz Salvador, Mikel Urdangarin, Ane Barrenetxea (Sua), Aitor Gorosabel (Su Ta Gar), Eñaut Elorrieta, Idoia, Mäbu, Iñigo Etxezarreta (En Tol Sarmiento) eta Pello Reparaz (Zetak). Hori guztiori eskainiko du Ura Bere Bidean kontzertuak, abenduaren 10 eta 11n, Bilbao Arenan, 20:00etan hasita. 

Fernando Velazquezek 70eko hamarkadatik gaur arteko euskal kantu klasikoak moldatu ditu, eta formatu ikusgarri horretan entzun ahalko dira bi emanaldi horietan "Zoramena" (Gatibu), "Itxaropena" (Su Ta Gar), "Xorieri mintzo zen" (Mixel Labéguerie), "Ni naiz" eta "Seaska kanta" (Xabier Lete), "Hegal egiten" (Itoiz), "Nire herriko neskatxa maite" (Benito Lertxundi)…

Ura Bere Bidean. Abenduak 10 eta 11, Bilbo

Ura Bere Bidean. Abenduak 10 eta 11, Bilbo

Disko formatuan ere jasota dagoen lankidetza berri honetaz hitz egin dugu Fernando Velazquez eta Ane Barrenetxearekin, kontzertuen atarian. 

Nola sortu zen Ura Bere Bidean kontzertuaren eta diskoaren proiektua?

Proiektua iazko Gora Bihotzak kontzertuaren eboluzio logiko gisa sortu zen. Orduan, kantu batzuk egin genituen, eta, opera jarduerarik ez zegoela-eta orkestra geldirik zegoenez, ideia sortzen eta garatzen joan zen, proiektu hau jaio zen arte. Eta une oro aldatzen joan da, ia kontzertuaren egunera bertara arte.

Ederra da, mugitzen ari den ideia delako.

Zer irizpide izan dituzu kontuan errepertorioa aukeratzeko orduan? Zer ezaugarri izan behar zituzten kantuek azkeneko zerrendan sartzeko?

Errepertorioa ere oso modu dinamikoan aukeratu dugu, irizpideak bidean aldatzen joan garelako. Kantu batzuk egileagatik aukeratu ditugu, eta beste inork ez bezala kantatuko dituen abeslaria topatu dute, magiaz. Beste batzuk egilearen eskutik bertatik iritsiko zaizkigu, "Itxaropena" Su Ta Garren kantua, adibidez, Aitor Gorosabelen eskutik.

Klasiko usaina duten abestiak aukeratu ditugu, gaur egun idatzitakoak badira ere.

Zer eman nahi izan diezu kantuei bertsio hauetarako prestatu dituzun moldaketen bidez?

Moldaketak kantuarekin justizia egiten duela pentsatzea gustatzen zait, bere bertsioa egiten duela. Ez dugu orkestra batek egin dezakeen guztiarekin arreta eman nahi, kantuak kontatu nahi duena kontatu baizik.

Nola egiten zaio aurre "Kideari" bezalako kantu biluzi bat adibidez orkestraren baliabide guztiekin jantzi eta beraren esentzia gordetzeko erronkari?

Egia da, "Kideari" adibide bikaina da. Mikelek Kirmenen hitzekin idatzitako kantua da, baina, nahiz eta berak bakarrik egin, kantu epikoa da, oso handia, ia akordea ere ez den akorde bat iradokitzen hasi eta denari emanda interpretatzen duen crescendo batera iristen baita.

Epika mota hori ezin hobeto egokitzen zaio orkestrari. Azkenean, ia kantu guztiek dute epikotik zerbait, handitik, emoziotik. Hunkitzea bilatzen ez baduzu, ez duzu kantatzen. Kantu gutxi daude hunkitzea bilatzen ez dutenak.

Hemen kantuaren espiritua bilatu dugu, eta "Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak" Artzeren hitzak eta Laboaren musika dituen kantuan pentsatzen ari naiz. Harreman baten hausturaz diharduen kantua da, "Aitormena" bezala, hain zuzen ere. Epika eta emozio zintzo horiek oso baliagarriak dira orkestrarekin kontatzeko.

ANE BARRENETXEA (SUA)

Zer alde dago baxu, gitarra eta bateriaren babesean kantatzearen eta orkestrak eta abesbatza batek lagunduta egitearen artean?

Bi egoera guztiz desberdinak dira, eta, hau lehen aldiz egin dudanez, aitortu beharra dut beraien falta sumatzen dudala.

Ez nago bakarlari lanetara ohituta, musika estiloak eta formatuak ere ez dute zerikusirik, baina Bilboko orkesta sinfonikoarekin eta abesbatzarekin abestea, ohorea izateaz gain, inoiz ahaztuko ez dudan esperientzia izango da.

"Hegal egiten" Itoizen klasikoa egokitu zaizu. Zer iruditzen zaizu kantua eta nola landu zenuen?

Gutxi izango dira Itoizen "Hegal egiten" klasikoa ezagutzen ez dutenak; beraz, gogotsu eta pozik jaso nuen proposamena.

Abesteko orduan, askatasun osoa izan nuen nire erara egiteko eta interesgarria iruditu zitzaidan melodia aldaketak egitea bertsio "ezberdin" bat sortzeko. Abestiak txantxangorria izan nahi duen gizon baten istorioa kontatzen du, eta kontakizun hori musikaren bitartez egitea oso polita, berezia eta indartsua dela esango nuke.

Grabazioan, prestaketan-eta ikusi duzunagatik, zer aurkituko du publikoak kontzertuan?

Publikoak esperientzia ikaragarri bat bizitzeko aukera izango du. Abesti ezagunek beste dimentsio artistiko bat hartuko dute, eta ikus-entzuleak horren parte izango dira.

Lan asko dago honen guztiaren atzean, eta detaile guztiak daude zainduta. Ikus-entzuleei momentu desberdinetan ileak tente jarriko zaizkielakoan nago. Ea nire abestian den (kar-kar).

Entseguetan eta grabazioan, toki paregabe batetik ikusi duzu lankidetzaren emaitza. Zer aurkituko du publikoak abenduaren 10 eta 11ko kontzertuetan?

Asmoa da osotasunak jasotzea jendearen arreta, barietateak eta barietatearen barruko batasunak. Hamaika emozio sentituko ditugu, askotariko jendearekin.

Abesbatzan oso kantari gazteak eta aitona-amonak ditugu. Uste dut aniztasun horrek eta artearen tenpluetan tokia izatea merezi duten kantu hauekiko maitasunak batasun magikoa sortuko dutela.

Ikuskizunak denetarik izango du: samurtasuna, dibertsioa, emozioa… Gure bizitzako kantuen errepertorioa da, gu definitzen gaituzten eta garena izatera eraman gaituzten kantuak dira.