Itxi

Musika

Hard rocka

Meat Loaf abeslaria zendu da

N. V. | EITB Media

74 urte zituen hard-rock kantari eta antzezleak. 100 milioi disko baino gehiago saldu, eta 65 film baino gehiagotan agertu zen.

  • Meat Loaf, 2010ean Australian. Argazkia: Efe.

    Meat Loaf, 2010ean Australian. Argazkia: Efe.

Marvin Lee Aday, Meat Loaf ezizenez ezagunagoa zen estatubatuar rock abeslari eta aktorea, bart zendu da, 74 urte zituela, sei hamarkadaz musikari eta interpretazioari emanda bizi eta gero, familiak ohar batean iragarri duenez.

"Bihotzak hautsita gaude bart, inguruan Deborah emaztea, Pearl eta Amanda alabak eta adiskide hurkoenak zituela, Meat Loaf paregabea hil dela iragartzeko orduan", dio familiak abeslariaren Facebookeko profilean eskegi duen oharrak. Dallasen (Texas) jaio zen, 1947an, eta, besteak beste, "Bat Out of Hell" diskoa utzi du, mundu osoan inoiz gehien saldu diren hamar diskoetako bat.

Ehun milioi disko baino gehiago saldu zituen Meat Loafek mundu osoan, milaka kontzertu eskaini zituen, Donostian bat 1983an, eta 65 pelikula baino gehiagotan agertu zen: "Fight Club", "Focus", "Rocky Horror Picture Show"…

Familiaren oharrak hau dio bukatzeko: "Bere bihotzetik zuen arimetaraino… ez utzi inoiz rockeatzeari!"

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Musika
  • Kultura