Itxi

Musika

Kronika

Metallica jaun eta jabe Bilbon, handira jokatuta

Natxo Velez | EITB Media

Lau Zaldunek estadioko kontzertu kanonikoa eskaini zuten Katedralean, entretenigarria eta indartsua, muskuluari xehetasunei baino arreta handiagoa eskainita, baina hainbat akatsekin: azken orduan Weezer karteletik jausi zen, eta azken kantuan soinua joan zen.

01:23
Metallica Bilbon. Argazkia: EFE.

Azkenean, taldearen inguruan positibo bat detektatu eta zalantza giroa hedatu ondoren, iritsi zen uztailaren 3a eta Metallicak San Mamesen jo zuen, azken orduko sorpresa ezatsegin eta guzti: Weezerrek, karteleko bigarren taldeak, ez zuen igandean Parisetik garaiz iristeko modurik izan, sare sozialetan azaldu zutenez, larunbat gauean bertan jo eta gero, eta Rivers Cuomoren taldeak bertan behera utzi zuen Bilboko emanaldia, materiala ordurako San Mamesen bazuen ere.

Weezerren bajaren berri, gainera, beraien kontzertua hasi baino hiru ordu lehenago jakin genuen, agertokiko pantailen bidez (eta gaztelania hutsez), eta ikustekoak izan ziren, tamalez, "Blue Album" diskoaren egileen jarraitzaileen etsipen aurpegiak. Nolanahi den, pantailaren bidez barik mailez jakinarazi bazen ere, antolatzaileek dirua itzuli zieten 22:00ak baino lehen hala eskatu zutenei.

Horren guztiaren aurretik, Niña Coyote eta Chico Tornado taldeak izan zuen, ehunka ikusleren aurrean, hustasuna zaratotsez estreinakoz betetzeko ardura, eta bikoak ordezkatu zuen, ia ausaz izan bazen ere, euskal musika Bilbao Bizkaia Rock Dayn. The Regrettes punk talde kaliforniar interesgarriak bertan behera utzi zuen Europako bira covidak jota, eta Niña Coyote eta Chico Tornadok bete zuen beraien tokia.

Gipuzkoar bikoaren proposamen formalki minimalistaren eta agertoki erraldoiaren kontrastea gorabehera, Koldo Soretek eta Ursula Strongek kontzertu ona eman zuten "Eguzkiari itxoiten" kantuarekin hasita, gitarra sinkopatuek Soreten bost anplifikadoreak kraskatu arte estututa eta bateria kolpe sarkorrez ikusle goiztiarrak inarrosita.

Niña Coyote eta Chico Tornado

Niña Coyote eta Chico Tornado

Basamortu giroko erritmo lodiak 43 minutuz, bikoak gozatu eta publikoari gozarazteko. Ordu horretan eta baldintza horietan, ezin da gehiago eskatu, eta, seguru, baten bat aurki areto batean ikusteko gogoz gelditu zela.

Nothing But Thieves

Niña Coyote eta Chico Tornadoren emanaldiaren ondoren, Nothing But Thieves taldearen txanda iritsi zen, zeina lasaitasun susmagarri samar batez ari baitzen kontzerturako prestatzen, bere jatorrizko ordutegia gaindituta. Orduan jakin zen, 17:15ean, Weezerrek ez zuela joko, eta ordutegiak aldatu zituztela.

Zegokien ordutegi berrian, Nothing But Thievesek kontzertu indartsu eta ikusgarria eskaini zuen, "Sorry" arrakastatsuaren lorratzari jarraituta imajina genezakeen baino askoz gihartsuagoa, grunge ukituz eta sintetizadoreen zipriztinez hornituta.

Nothing But Thieves

Nothing But Thieves

Conor Masonen ahots boteretsua nabarmendu zen bereziki Essexeko boskote ingelesaren proposamenean, "Moral panic" (2020) eta "Moral panic II" EP osagarria (ez dirudi munduko izenburu-jartzaile onenak direnik) aurkezten ari zen honetan.

The Hellacoptersen klase erakustaldia

The Hellacopters

The Hellacopters

Ordutegi berriek gogaikarri samar bihurtu zituzten itxaronaldietako baten ondoren, The Hellacoptersen txanda iritsi zen, suediarrek ia dena kontra zutela: goiz zen, publikoak ez zien arreta handirik eskaintzen, oso soinu eskasa izan zuten eta euria ere egin zuen tarteka… Baina horiek guztiak ez dira oztopo nahikoak Nicke Andersson, Dregen eta konpainiaren eskarmenturako, klaserako, karismarako, jarrerarako eta kantu sorta ederrerako.   

The Hellacoptersek Eyes of Oblivion diskoa argitaratu zuen apirilean, estudioko lehenengoa 2016an berriz batu zirenetik, zeina ez baitago, seguru asko, taldearen lan handien mailan, baina baditu, zalantzarik gabe, beraien mailaren printzak, baita kantu oso onak ere, hala nola "Reap A Hurricane", "So sorry I could die" eta "Eyes of oblivion", atzoko kantu zerrendan suediarren klasikoen itzalak estali ez zituenak.

The Hellacopters

Andresson y Dregen (The Hellacopters)

Ezerk ez zuen Andersson, Dregen (hanka zaurituta ere) eta enparauen kontzertu handia gelditu, ez The Hellacoptersen rock-and-rollaren kemena estadiora proiektatu barik atxiki eta bezatzen zuen bateriaren soinu lauak ezta teklatuaren soinua joan-etorrian ibili izanak ere, eta buruak astindu eta irribarreak marraztu zituen taldeak aldez edo moldez, besteak beste, "Carry Me Home" eta "By The Grace of God" klasikoen bitartez.

Metallica nagusi, K.O.z

Iragarritako ordua baino hamar minutu lehenago, jendea pistan metatzen ari zela, Kaliforniako laukotearen kontzertuen aurreko ohiko liturgia hasi zen, hots: "It's a Long Way to the Top (If You Wanna Rock 'N' Roll)" AC/DCren kantua bozgorailuetan, erabateko iluntasuna, "Il buono, il brutto, il cattivo" filmaren irudiak pantailetan eta "The Ecstasy of Gold" Ennio Morriconeren obraren doinuak ezin ozenago. Ondo da, taldekideak nagusi daude; ondo da, mundua kaka zaharra da; ondo da, estadioko kontzertuak oso ezerosoak dira… Baina San Mamesen bildutako 45.000 lagunetatik, zeini ez zitzaion ilea laztu une horretantxe?

Metallica, James Hetfield, Lars Ulrich, Kirk Hammett eta Rob Trujillo, adoretsu taularatu ziren bart, lehen ilaretako ikusleekin bat eginda ia, oholtzaren aurrealdean, eta kantu laukote garaitezina aurkezten, gainera. Seguru bizitzan dena errazagoa dela zure aurkezpen gutuna "Whiplash", "Creeping Death", "Enter Sandman" (emanaldiaren hasiera aldera ekarri dute bueltan, hainbat urtez amaiera aldean jo eta gero) eta "Harvester of sorrow" kantuek osatzen dutenean.

Metallica

Metallica

Eszenaratzeko moduak erakusten zuenez, taldeak goitik jo behar zuen, kolpe bortitzak ugari eta gozotasun gutxi eskaintzen. Pistatik entzunda, soinua ona zen hasieratik, Hammetten gitarra kontzertuaren hainbat pasartetan baxu samar entzuten zela eta bateria erritmo batzuk ("Creeping Death", "One"…) zenbaitetan itsumustuan jasotzen genituela gorabehera. Ulrichek metalean bateria jotzeko estiloa irauli eta patroia ezarri du duela 40 urtetatik, baina, horri balio alerik ere kendu gabe, esan dezakegu break bakoitzaren amaieran zalantza aire bat zabaltzen zela airean, non, nola eta noiz bukatuko ote zen.

"Wherever I May Roam"ek goraka eutsi zion kontzertuari, publikoak kantu biribilaren gitarra melodia arnasa betean kantatuta, baina jario hori errotik eten zuten "No leaf clover" laukotearen bigarren disko sinfonikoko kantuak (kaleratzen diren diskoen aleak erakutsi behar dira, diot nik) eta "Dirty Window" St Anger diskoko kantuak, zeina diskoan bezain gatzgabe eta funsgabea baita zuzenean ere (hori bai, kontzertuan bederen ez da sufritu behar disko horretako bateriaren ekoizpen zalapartatsua).

Dena dela, irristada hori erraz asko konpon dezakete "Nothing Else Matters" baladak (ikusle baino telefono gehiago zenbatu nituelakoan nago, airean) eta, noski, "For Whom the Bell Tolls"ek.

Laukoteak primerako jarrera kartsua erakutsi zuen San Mamesen: Kirk Hammettek beste aro batzuetan baino protagonismo maila handiagoa hartu zuen bart, eta ondo jo zuen (detaile batzuetan akatsak egon ziren, batik bat arpegioetan eta bestelako doinu garbietan, baina zilegi bekit lipar batez kritikariaren monokuloa eranztea), Rob Trujillo bigarren maila batean agertu zen baina maila soberan du, esan gabe doa, eta James Hetfield denari emanda jardun zen, dagoeneko mito bihurtuta, gitarra erritmikoan maisu, riff fabrika agortezin bihurtu den eskuin esku liluragarria zoragarri dantzatzen.

Metallica

Metallica

Kontzertuaren amaiera aldera, "One" epikoa eta berorri dagokion erakustaldi piroteknikoa eta gaueko ezusteko handienetako bat etorri ziren. "Master of Puppets" kontzertua itxi zuen kantuaren amaiera aldera, laukotea kanpoko soinu gabe gelditu zen, mutu, publikoaren eta musikarien beren harridurarako.

Baina tira, ez dago, gutxi-asko, jarrera egokiak konpon ezin dezakeenik, eta Metallicak berriz ere ekin zion kantuaren amaierari (gehiegi eskatzea ere ez zen izango, apika, kantua hasi eta buka berriz jotzea), txalo artean. Agurrean, Trujilloren "Gora Euskadi" ozena eta Ulrichen laster berriz etortzeko promesa etorri ziren. Guztira, Metallicak bi orduko kontzertu irmoa eskaini zuen, baita agertokia gobernatzen ikasteko ikastaro betea ere, uneoro egon zelako nonahi zer ikusi, 

Jaialdian, dena dela, giharra gailendu zitzaion zertzeladari, lehen esan bezala. Jakina da, eta esan gabe doa: horrelako ikuskizunak bideratuago daude berrespenera, ezen ez aurkipenera, lotuago daude euforiarekin (hozkeriaren mozorroa, Biznagak kantatzen duenez) hausnarketarekin baino.

Izan ere, estadioko kontzertuak ez dira apaingarrietarako toki aproposak. Oraintsu ikusi dugu: Rolling Stonesen kontzertuak indartsuagoak dira Charlie Watts zenaren ordez bateria Steve Jordanek hartu duenetik. Metallica horren jakitu da, eta beraien kontzertuetan dirdiratsuago nabarmentzen dira laser argiak "One" kantuaren bonboaren seikotxoak baino; ulergarria ere bada, nahiz eta piroteknia beti amatatzen den halabeharrez.

Argi dago Metallica ez dela dagoeneko 80ko hamarkadan Kaliforniako sotoetan britainiar taldeak kopiatzen albait bizkorren jotzen zuen taldea, ez da 90eko hamarkadan metala hankapean ibili zuen taldea. Beste zerbait dira, geu ere beste zerbait garen ber gisan; eta eskerrak, orduko hori joan egin zen.

Horregatik, zentzugabea da bart gaueko kontzertua duela hogei edo hogeita hamar urteko gure gau maite harekin erkatzea. Orain eta hemen gozatu behar dugu, oihukatu, eta gogoan hartu "Creeping Death"eko garrasiak lagun izan zituzten uneak, oroitu alde batean Ride The Lightning eta bestean Motorheaden Overkill zituen TDK zintak girotutako elkarrizketak eta "The Unforgiven"en bideoa amamaren etxeko telebistan ikusi genuenekoa.

Hala ere, ez dezagun ahaztu: aurrera ere begiratu behar dugu; gaurdanik, Metallicaren eta beraien ondoren etorri direnen riffak inguratuko dituzten uneak eraiki. Jarraitu egin behar dugu, sortu eta aurrera egin. Eta, horretarako, komeni da helduleku zenbait izatea eskura. Metallica izan daiteke horietako bat, "Birth. School. Metallica. Death" beraien antzinako leloak zioenari jarraituta.