Musika
Kontzertua
Travellin' Brothersek Bilbo osoa gonbidatu du Unaxen aldeko ospakizunera
Natxo Velez | EITB Media
Leioako taldeak Bilbao Blues Festival jaialdia itxi du bart emanaldi hunkigarri, bero, mingarri eta ezin zintzoagoa eskainita, kontzertu posibleetan onena irudika daitekeen unerik samingarrienean.
-
Travellin' Brothers, bart Bilbon
Travellin' Brothers taldeak gomuta, mina eta bizitza musikaz jantzi ditu bart, inoiz halakoa izan behar ez zukeen kontzertuan. Unax Cañibano, Eneko Cañibano taldeko baxu-jotzailearen seme eta Jon Careaga kantariaren eta Aitor Cañibano gitarristaren loba, 18 urte zituela larunbatean zendu eta biharamunean, taldeak agertokitik omendu nahi izan du Travellin' familiako kide gazte, maitatu eta orain eternala. Emaitza, ordu eta erdiko kontzertua izan da, bluesaren kadentzia, rockaren indarra, swingaren dirdira, soularen sakontasuna eta, esan gabe doa, taldeak 19 urteko ibilbidean berezkoa izan duen zintzotasuna uztartu dituena.
Familia bidaiazalea 22:30ean taularatu da, ordu-orduan, jaialdiaren hiru egunetan Mississippiren ibaiadar bihurtu den Ibaizabaleko Itsasadarren hegian, eta Louisianako lurretara eraman gaituen bero sapak jotzen gintuela. "Animo, Eneko" oihua gailendu da publikotik, Jon zeremonia maisuak hau aldarrikatu aurretik: "Unax naiz, ongi etorri nire jaira".
Agertoki gainean, New Orleanseko berezko moldean bizitza ospatzen, hamaika musikari, kontzertua abiatzeko "A better day" 13th Avenue South diskoko kantua eskaintzen. Hala ere, oraingoan, jatorrizkoan Earl Thomasek egiten dituen ahotsak Ines Goñik eta Noa Egigurenek egin dituzte, kontzertu osoan koroetan eman behar zuten maila bikainaren lehen laginak utzita.
Taldeak disko berria, Coming home bihozti eta bitalista -bai, bitalista, oroz gainetik-, aletu, eta bere diskografiako klasikoei ekin diete Isi Redondok baterian zehatz; Enekok baxuan eta kontrabaxuan, beti bezala, irmo eta dotore; inoiz inon sarrera bat ordaintzeko arrazoi nahikoa den Alain Sancho musikaritzarra buru duen haizezko musikatresnen sail zoragarriak (tronpeta, tronboia eta saxofoia); Ander Unzagak eta Mikel Azpirozek tekletan (nor baino nor iaioagoak, hammondean eta pianoan txandaka); Aitorrek gitarran eta taldearen gobernantzan; eta Jon Careagak mikrofono aurrean erraietatik kantatzen ahots pribilegiatuarekin.
Fito eta Mikel Erentxun
Travellin' Brothersen amerikar erritmoak, gainera, luxuzko bi gonbidatuk anplifikatu dituzte bart, Fito Cabralesek eta Mikel Erentxunek, zeinak ondo-ondoan sentitu baitituzte Leioako taldeko kideek agertokian. "Luxua da talde honekin agertokia eta mina partekatzea", esan du Fitok.
Erentxun izan da agertokian lehen gonbidatua, eta "En algún lugar" Duncan Dhuren klasikoa eta "Burning love" Elvis Presleyren klasikoa jo dute batera.
Eneko Cañibano, Fitorekin eta Mikel Erentxunekin
Fitoren txanda kontzertuaren azken zatian iritsi da. Mikroaren jabe eta gitarra aldean zuela, "Quiero beber hasta perder el control" Los Secretosen kantua jo, Chuck Berryren indarra berritu eta taldeari batu zaio bilbotarra, "Midnight train" jotzeko, Travellin' Brothersen errepertorioan alerik gustukoena berarentzat eta Unax zenarentzat.
Jaia amaitzeko ("jaia nahi genuen, ez drama bat", azaldu du Aitorrek hunkituta), "Space Captain" jo dute taldeak eta gaueko bi gonbidatuek, nola ez, espazioko beren kapitain maiteari eskainia, Aitorren beraren hitzetan, dagoeneko baitago "hor goian pilotatzen. Unax, ez zaitugu inoiz ahaztuko".
Inoiz horrelakoa izan behar ez zuen kontzertu ahaztezinean, Travellin' Brothers, beti koherente, "Coming home" bere kantuaren mezuari atxiki zaio, eta musu bat eta irribarre bat gehiago haizatu ditu, argi bat piztu du lainope setati, likits eta gupidagabean.