Itxi

Musika

83. edizioa

Musika Hamabostaldiak doako lau kontzertu eskainiko ditu estreinako egunean

Agentziak | EITB Media

Asteartean, John Eliot Gardiner, Monteverdi Choir eta English Baroque Soloists arituko dira Kursaaleko Auditorioan, kontzertu handien zikloan.

  • Monteverdi Choir abesbatza Kursaaleko Auditorioan arituko da asteartean

    Monteverdi Choir abesbatza Kursaaleko Auditorioan arituko da asteartean

Musika Hamabostaldiaren Inaugurazio Egunean, abuztuak 2, Donostia erdialdeko hainbat txokotara helduko da musika, lau hitzorduren bidez. Doako kontzertuek Udaletxera, Kursaalera eta San Bizente elizara eramango dituzte 83. edizioaren lehen notak.

Eguneko lehen bi hitzorduak 12:00etan hasiko dira, Udaletxeko Batzar Aretoan eta Kursaaleko Foyerran. Udaletxean, Trio Artio ganbera taldeak Beethoven eta Brahms konpositoreek piano hirukoterako idatzitako piezak eta Mel Bonis konpositore frantsesak konposatutako Soir - Matin erromantikoa interpretatuko ditu.

Ordu berean, Kursaaleko Foyerrean Liana Gourdjia biolinistak eta Josu Okiñena pianistak emango duten kontzertua. Jesus Guridi, Gabriel Erkoreka eta Pascual Aldave euskal konpositoreen lanez gain, George Gershwin konpositorearen Porgy and Bess operaren biolin eta pianorako J. Heifetzen transkripzioa emango dute, baita Schuberten Fantasia do maiorrean ere.

Arratsaldeko kontzertuetatik lehena Kea Ahots Taldeak emango du, 18:00etan, Udaletxeko Batzar Aretoan.

20:30ean, Oñatiko Ganbara Abesbatzak kantatuko du, San Bizente elizan. Aitor Biain zuzendariaren gidaritzapean, "Inspiratio" izeneko programa eskainiko dute, XVI. mendetik XX.erako obrekin, eta nazioarteko nahiz euskal konpositoreen lanekin

John Eliot Gardiner

Eguneko hitzordu nagusia 20:00etan izango da: Kursaal Auditorioan, antzinako musikaren zirkuituko bikote ospetsuenetako bat izango da protagonista: Monteverdi abesbatza eta English Baroque Soloist, hain zuzen ere. John Eliot Gardiner, sortzailea, arituko da zuzendari lanetan, eta errepertorio "espiritual eta intimista" interpretatuko dute, Carissimi, Scarlatti eta Schützen obra erlijiosoekin.