Itxi

Musika

Kantu berria

Orbela, birloratzen

Natxo Velez | EITB Media

Orbel lapurtar taldeak bizi berria eman die "Lur hezea" diskoko kantuei, "Reworks" remix bilduman. El_Txef_A-ren eskutik dator "Okerra" eitb.eus-ek primizian erakusten dizuen alea.

4:58
Orbel: ''Okerra'' (El_Txef_A rework)

Orbel lapurtar taldeak hainbat artista ezberdinen esku utzi ditu "Lur hezea" bere bigarren diskoa (Usopop Diskak & Medication Time Records, 2022) osatzen zuten zortzi kantu ilun, durduzagarri eta liluragarriak.

Besteak beste, Mondkopf (Tolosa, Frantzia) eta Drowse (Portland, AEB) artistek eta Worriedaaboutsatan britainiar taldeak deseraiki eta moldatu dituzte kantu horiek, baita Lumi eta El_Txef_A (Aitor Etxebarria) euskal herritarrek ere.

Hain zuzen ere, "Okerra" El_Txef_A musikariak moldatutako kantua aurkeztu dugu gaur eitb.eus-en, primizian, zeinetan gernikar musikariak jazz bateria jolastiz eta testura arinagoz jantzi baititu jatorrian ahots harmoniatsuei laguntzen dieten giro itogarri eta erritmo industrial eta zehatzak.

Taldearekin eta Aitor Etxebarria musikariarekin hitz egin dugu.

Aitor, zer iruditu zitzaizun "Okerra" kantua, moldatzeko asmoz entzuten hasi zinenetik?

Aitor Etxebarria: Interesez segitzen nituen orbeldarrak, baita Uso Popeko mugimendu guztia ere, eta ilusio handia egin zidan Orbeleko musikariek idaztea beraien azken diskoko abesti baten moldaketa egiteko.

"Okerra" abestia asko gustatu zitzaidan, antzinako giroko ahotsak eta soinu garaikideak oso ondo uztartzen baitituzte Orbelekoek.

Aitor Etxebarria. Argazkia: @etxebarriamusic

Aitor Etxebarria. Argazkia: @etxebarriamusic

Remix batean, non dago, zure ustez, jatorrizkoari estuegi atxikitzearen eta urrunegi joatearen arteko orekaren gakoa?

Etxebarria: Denbora neraman moldaketa bat egin gabe, eta asko disfrutatu dut berriro.

Oso berezia da zuk inoiz konposatuko ez zenuen material bat esku artean izatea; gainera, errespetu handiz jokatu behar da beti, beti errespetatu behar da jatorrizko konposizio bat sortzeak dakarren hilabeteetako lana.

Nire estetika artistikoaren eta material originalaren arteko errespetuzko lan artistiko bat bezala ulertzen dut beti nire lana.

Zergatik aukeratu zenuten El_Txef_A zuen kantu bat moldatzeko eta zergatik egokitu zitzaion berari "Okerra" kantua?

Alan Billi (Orbel): Aspaldi da Aitorrekin elkarlanean aritu nahi genuela. Harekin hitz egin genuen iraganean, baina ez genuen aukerarik topatu.

Horregatik, remix disko honetarako artistak zerrendatzen hasi ginenean, parada ezin hobea zela pentsatu genuen! Artista guztiei batera bidali genien proposamena, eta, ondorioz, hark zuen kantua aukeratu.

Baina, e-mailei erantzuteko denboraren araberakoa ere izan da aukeraketa, kar-kar-kar! Artista batzuek berehala erantzun ziguten, eta ordurako kantu batzuk jada hartuta zeuden.

Baina patuak ongi egin ditu gauzak. Izan ere, "Okerra", nahiz eta agian El_Txef_A-ren mundutik urrun egon, kantu arras berria bilakatu da haren lan bikainari esker.

Argazkia: Fanny Maillard

Orbel. Argazkia: Fanny Maillard.

Nolakoa izan da prozesua? Eduki duzue elkarreraginik sormen prozesuan ala pistak haren esku utzi eta ez duzue ezer entzun emaitza jaso arte?

Billi: Aitorri ez diogu inongo gomendiorik edo norabiderik eman. Kantua osatzen duten pista guztiak jaso zituen, besterik gabe. Eskuak libre utzi dizkiogu, beraz, nahi zuena egiteko. Horrela iritsi zaigu bere remixa.

Ez ginen emaitzaz batere beldur, eta jatorriko kantuaz libratzea oso erraza izan da guretzat, badakigulako musikagile bikaina dela. Guretzat prozesu oso interesgarria da, gure kantuak beste modu batera ezagutzeko. Zirrara berezia sortu digu eta emozio handia sentitu ditugu. Lehenengo aldiz play botoia sakatzea oso berezia izan zen!

* Irakurri Orbel taldeari "Lur hezea" dela eta egin genion elkarrizketa

Orbel: "Iluntasunetik argitasun kutsu batera heltzen gara beti"

* Entzun "Okerra" kantuaren jatorrizko bertsioa