Itxi

Musika

Denboraldia

Euskadiko Orkestrak artearen bidez sortzen eta eraldatzen duen gizakiari begiratuko dio 2023/2024 denboraldian

N. V. | EITB Media

Mahler, Bruckner eta Straussen lanak interpretatuko ditu Orkestrak hurrengo denboraldian, besteak beste Juraj Valcuhak eta Juanjo Menak gidatuta, eta Chillida omendu, Gabriel Erkorekaren lana grabatu eta Austrian bira egingo du.

  • Robert Treviño zuzendari titularrak (argazkian) lau kontzertu sortatan zuzenduko du Orkestra

    Robert Treviño zuzendari titularrak (argazkian) lau kontzertu sortatan zuzenduko du Orkestra

Euskadiko Orkestrak 2023/2024 denboraldia aurkeztu du gaur, maiatzaren 31n, Orkestrak Donostian, Miramonen, duen egoitzan. Han azaldu dutenez, "sortzen eta eraldatzen duen gizakiengan jarri nahi dugu arreta, bizi-esperientzien bidez mundua mugitzen duen pertsonengan".

Abonu denboraldia 2023ko irailaren 29an hasiko da, Gasteizen, eta 2024ko ekainaren 7an amaituko da Donostian. Guztira 12 abonu programa egingo dituzte denbora horretan, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean; orotara, 50 emanaldi.

Kontzertu horietan guztietan, Mahlerren Hirugarren Sinfonia, Brucknerren Zazpigarren Sinfonia, Dutilleuxen Correspondances, Richard Straussen Aus Italien eta Symphonia Domestica obrak, Rakhmaninoven Hirugarren Sinfonia eta Pianorako Bigarren Kontzertua, Prokofieven Alexander Nevski lana, Dvoraken Zazpigarren Sinfonia eta Rudi Stephanen Die ersten Menschen opera entzungo dira, azken hori Arriaga Antzokiarekin lankidetzan ekoitzia Calixto Bieitoren zuzendaritza eszenikoarekin.

Doinu horiek zuzentzeaz arduratuko dira Robert Treviño zuzendari titularra (lau programaz arduratuko da), Stanislav Kochanovsky, Riccardo Frizza, Marie Jacquot, Lina Gonzalez-Granados, Baldur Bronnimann, Juanjo Mena, Juraj Valcuha eta Pablo Gonzalez, eta bakarlari arituko dira Federico Colli, Markus Schirmer (pianoa), Sergey Khachatryan (biolina), Olesya Petrova (mezzosopranoa), Alban Gerhardt (biolontxeloa), Justina Gringyte (mezzosopranoa), Alfonso Gomez (pianoa), Elena Sancho Pereg (sopranoa) eta Clara Mouriz (mezzosopranoa).

Denboraldi berrian, hiru euskal abesbatza batuko zaizkio Orkestrari: Bilboko Koral Elkartea (Mahlerren Hirugarren Sinfonia), Donostiako Orfeoia (Prokofieven Aleksander Nevski) eta Gasteizko Vocalia Taldea (Debussyren Nocturnes). 

Euskal musika

Hurrengo denboraldiari begira, Euskadiko Orkestrak obra bat enkargatu dio Antonio Lauzirikari, Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko: Chillida-Elogios.

Gainera, Itziar Viloria bizkaitarraren Oihartzun gorriak ere estreinatuko dute, baita Saskia Venegas euskal-belgikar musikagileak Egeo itsasoko errefuxiatuen arazoa gogoan konposatu duen At the Aegean Shores (Egeo itsasoko kostaldean) lanaren berrikuspena ere. Errenteriako Musikasteren aurreko edizioan estreinatutako lana da, baina Venegasek berridatzi egin du.

Ramon Lazkanoren Mugarri ere joko du Orkestrak 23/24 denboraldian, eta, sortzaile garaikideez haraindi, denboraldiko hirugarren kontzertu programan Gabriel Pierné konpositorearen Ramuntcho (Pierre Lotiren liburuan oinarrituta) eta Maurice Ravelen Concerto en sol joko dute.

Halaber, euskal musikaren erregistro diskografikoaren atalean, Gabriel Erkorekaren lanen grabazio bat egingo du Euskadiko Orkestrak denboraldi honetan, Ondine diskoetxearekin.

Bira

2024ko otsailean, Salzburgora, Mozarten jaioterrira, eta Linzera joango da Euskadiko Orkestra, kontzertuak eskaintzera.

Abonuak eta sarrerak

Abonuak ekainaren 5etik aurrera erreserbatu ahalko dira, 10 kontzerturako 80 eta 235 euro artean, webgunearen bitartez, 943 01 32 32 telefonora deituta edo mezu elektroniko bat bidalita abonatuak@euskadikoorkestra.eus helbidera.  

Sarrera solteak irailaren 1etik aurrera jarriko dituzte salgai.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Musika
  • Kultura