Musika
% 6 gehiago
122.000 lagun bildu ditu Donostiako Jazzaldiak
Erredakzioa
Datorren urteko datak ''beste jaialdiekin harmonian'' erabakitzea da helburua, Donostiako jazz jaialdiaren zuzendariak adierazi duenez.
Miguel Martin Donostiako Heineken Jazzaldiaren zuzendariaren hitzetan ''arrakasta'' izan da aurtengo jazz jaialdia, maila artistikoan zein bildutako ikusle kopuruari dagokionez. 2012ko Jazzaldiak 122.000 lagun bildu ditu Donostian, joan den urtean baino % 6 gehiago.
Publikoak eta kritikak programazioko proposamenik esperimentalenak (Peter Evans, Mari Kvien Brunvoll eta The Thing, tartean) ''jarraitu, errespetatu eta ulertu'' dituztela esan du Martinek, eta hori da jazz jaialdiaren zuzendariarentzat ''harrotasunik handienetako bat''.
Halaber, aurtengo edizioak ''gogoratzeko moduko'' hainbat emanaldi utzi dituela azpimarratu du. Horien artean Marc Ribot & Los Cubanos Postizos eta Melody Gardot aipatu ditu Martinek. Anthonyren zuzenekoaz ere aritu da Jazzaldiaren zuzendaria, eta ''aurreikuspen guztiak bete'' dituela esan du. ''Publikoak aintzat hartu du hori'', gaineratu du.
Agertokiei dagokionez, Basque Culinary Center espazio berriaren estreinaldia positiboki baloratu du, eta San Telmo museoa agertoki gisa sendotzen doala azaldu du. Datorren urtera begira, proposamenik esperimentalenak bertan eskaintzeko asmoa agertu du Martinek.
Victoria Eugenia antzokiaren mendeurrena ospatzeko antolatutako 'Gaujazza' ekimena arrakastatsua izan dela azaldu du, baina, Martinen hitzetan, ez da ''egunero'' egiteko moduko formatoa.
''Beste euskal jaialdiekin harmonian''
Datorren urteko edizioak oraindik datarik ez duela azaldu du Miguel Martinek, eta, egutegia ''beste jaialdiekin harmonian'' erabakitzeko asmoa dutela azaldu du. Adierazpen horiekin erantzun dio Donostiako jazz jaialdiko zuzendariak Gipuzkoako hiriburuko eta Gasteizko jazz jaialdien datetan aurten izan den kointzidentziak eragin duen polemikari.