Musika
Metal Emankizun Onena
Gojira baionar taldeak Grammy saria irabazi du
N. V. | EITB Media
Lapurtar taldeak Parisko Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldian Victor Le Masne konpositorearekin eta Marina Viotti abeslariarekin eginiko emanaldiak Metal Emankizun Onenaren saria eraman du bart Los Angelesen.
-
Christian Andreu, Jean-Michel Labadie, Mario Duplantier, Joe Duplantier
Gojira baionar taldeak Metal Emankizun Onenaren Grammy saria irabazi du bart Los Angelesen, Grabazio Arte eta Zientzien AEBko Akademia Nazionalak ematen dituen sarien 67. edizioan.
Hain zuzen ere, Duplantier anaiek gidatzen duten lapurtar taldeak uztailaren 26an Parisko Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldian egindako emanaldia saritu dute. Egun horretan, Gojirak "Mea Culpa (Ah! Ça Ira!)" Victor le Manse konpositorearekin batera sortutako kantua interpretatu zuen, Marina Viotti mezzosopranoak lagunduta, Parisko Concergerie eraikin historikoan.
Judas Priest, Metallica, Knocked Loose eta Spiritbox taldeak ere zeuden izendatuta Gojirak, Frantziako Iraultzaren garaian oinarritutako kantuari esker, irabazi duen atalean. Joe eta Mario Duplantier anaiek (ahotsa eta gitarra eta bateria), Christian Andreuk (gitarra) eta Jean-Michel Labadiek (baxua) osatzen duten metal taldea 1996an sortu zen, estudioko zazpi disko ditu eta punta-puntako taldea da metalaren nazioarteko eszenan. Golardoa ekarri dien hau laugarren izendapena zuen Grammy sarietarako.
Kendrick Lamar nagusi
Kendrick Lamar rap musikariak irabazi ditu sari gehien gaurko galan, bost hain zuzen ere, grabazio eta kantu onenena tartean. Beyoncék bi sari eraman ditu, country disko eta dueto onenena (Miley Cyrusekin batera azken hori), Charli xcx britainiarrak besapean hiru gramofono zituela etxeratu da eta Chappell Roanek eraman du artista berri onenaren saria.
Sabrina Carpenterrek, Shakirak eta Bruno Marsen eta Lady Gagaren arteko duetoak ere sariak eraman dituzte.