Itxi

Musika

86. edizioa

Isabel Herguerak egin du Musika Hamabostaldiko kartela

Abuztuaren 1etik 29ra egingo dute musika klasikoko jaialdiaren 86. edizioa. Donostiar artista eta zinemagilea arduratu da musika irudietara ekartzeaz, eta Kursaaleko zubiko kale-argiak hartu ditu ardatz.

Isabel Herguerak (Donostia, 1961) sortu du 2025ko abuztuaren 1etik 29ra bitartean egingo den 86. Musika Hamabostaldiaren kartela. 80ko hamarkadan ekin zion Herguerak bere ibilbideari, bideoartea ardatz hartuta, gero animazioa deskubritu zuen eta 1990eko hamarkadatik diziplina horretan dihardu lanean.

Kartela sortzeko prozesuari buruz, hau esan du Herguerak: "Pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen zer objektu, zer elementu, nondik atera nezakeen niretzat Donostiakoa den zerbaiten ideia. Horrela agertu ziren Kursaaleko zubiko kale-argiak. Jose Aranak diseinatutakoak. Grosekoa izanik, zubia egunero zeharkatzen nuelako. Txikitan, ikusten nuen galdategiari zegokion tokian Luzuriaga jartzen zuela, eta aitak Luzuriagan egiten zuen lan; hortaz, iruditzen zitzaidan kale-argiak aitak eginak zirela eta are lotuago sentitzen nintzen haiekin".

Musika ezinbestean bere bizitzaren parte dela gehitu du artistak: "Boladak izaten ditut. Adibidez, Aste Santuan Mozart entzuten dut beti".

1990eko hamarkadatik, hainbat eta hainbat artista arduratu dira Hamabostaldiko kartela sortzeaz: Andres Nagel (1990), Eduardo Chillida (1996), Agustin Ibarrola (1997), Cristina Iglesias (1999), Jose Luis Zumeta (2001), Marta Cardenas (2002), Nestor Basterretxea (2003), Jose Antonio Sistiaga (2004), Ivan Zulueta (2005), Esther Ferrer (2011), Koldobika Jáuregui (2013), Juan Luis Goenaga (2018), Itziar Okariz (2019)…