Musika
Greba
BOSeko musikariek lanuztea egingo dute gaurko eta biharko kontzertuetan
N. V. | EITB Media
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendaritzaren ustez, ez dago greba egiteko arrazoirik. Langile-batzordeak, ordea, bajak betetzea eta langileen kopurua handitzea eskatzen du. Orkestrak kontzertua abiatuko du, baina hamabost minuturen buruan eten egingo du.
-
Bilbao Orkestra Sinfonikoko musikariak
Bilbao Orkestra Sinfonikoko musikariek beren tresnak isilduko dituzte gaur, apirilak 10, eta bihar, Euskalduna jauregian 19:30ean programatuta dauden kontzertuak abiatu eta hamabost minutura.
Langile-batzordeak iragarri du musikariek lanuzte partzialak egingo dituztela bi egunetan, 19:45etik 21:45era, beraz, eten egingo dute obra hauek biltzen dituen programa: Ravelen Kontzertua piano eta orkestrarako Sol Maiorrean eta Berliozen Sinfonia fantastikoa Op. 14, Nobuyuki Tsujii, Nobu, pianistarekin eta Tatsuya Shimono zuzendariarekin batera.
Ohar batean orkestrak abonudunei eta publiko orokorrari azaldu dienez, greba gauzatzen bada eta kontzertuak osorik egiten ez badira ("greba haitakoan jakingo dugu grebaren jarraipena", adierazi dute), sarreraren edo abonutik dagokion zatiaren dirua bueltan jasoko dutela, apirilaren 28tik aurrera.
Langile-batzordeak salatu du lan hitzarmena berritzeko negoziazioa geldirik dagoela 19 bileraren ondoren, eta zuzendaritzak, berriz, "erabat bidegabea" deritzo greba deitzeari.
Zuzendaritzak erantsi du BOS "bere musikariei gehien ordaintzen dien orkestretako bat" dela eta musikariek ez dutela dagozkien orduetan baino gehiagotan lan egiten.