Musika
Jaialdiak
Fermin Muguruza eta Kaotiko ez dira Viña Rock jaialdira itzuliko
N. V. | EITB Media
Irundar musikariak eta Kaotikok oharrak atera dituzte, maiatzean haien parte-hartzea izan zuen espainiar jaialdi horren atzean dagoen inbertsio funtsak Israelen eta Palestinan dituen interesen inguruko informazioa jakin ondoren.
-
Kaotikok uko egin dio KKR inbertsio funtsa atzean duten jaialdietan jotzeari
Fermin Muguruza musikaria eta Kaotiko taldea ez dira Viña Rock espainiar jaialdira itzuliko, bere sare sozialetan kaleratutako ohar banatan iragarri dutenez. Villarrobledo Albaceteko herrian egiten den jaialdi erraldoian aritu ziren maiatzean, beste hainbat euskal talde eta bakarlari bezala: ETS, Green Valley, Ciclonautas, La Gripe y Tú, La Excavadora, Porco Bravo, Lendakaris Muertos, El Reno Renardo, Iseo & Dodosound eta Süne.
Jaialdi horren atzean dagoen inbertsio funts baten jardueren berri izateak irundar musikariari eta aguraindar taldeari eragin dien ezinegona dago bertan gehiago ez aritzeko erabakiaren atzean.
Viña Rock festibala, Espainiako Estatuko (Sónar, Arenal Sound, FIB, Resurrection Fest, Tsunami Xixon…) eta nazioarteko (Amsterdam Open Air, Sziget, Wacken Open Air, Tuska…) beste 79 jaialdi bezala, Superstruct Entertainment taldeko kide da, Pablo Elorduy eta Javier H Rordiguez kazetariek El Salto hedabidean argitaratutako artikulu batean azaldu dutenez, eta 2024ko ekainean KKR estatubatuar inbertsio funtsak Superstruct erosi izanak ekarri du jaialdiarekiko jarrera aldaketa.
Artikuluan azaltzen denez, KKRk higiezinak sustatzen ditu Palestinako israeldar asentamenduetan eta interesak ditu israeldar zibersegurtasun enpresetan. Horren berri izan eta gero, hainbat eta hainbat taldek bat egin dute, Muguruzak eta Kaotikok bezala, Palestinako herritarrei elkartasuna adierazteko eta inbertsio funts horren mendeko jaialdietan berriz joko ez dutela iragartzeko.

Fermin Muguruzaren mezua, Instagramen
Horien artean daude Sons of Aguirre, Dakidarria, Kaos Urbano, Porretas eta Reincidentes, berbarako.
Jaialdien aldetik, Sónar bartzelonar jaialdiak ohar bat kaleratu du, eta adierazi du "dibertsitatea, inklusioa eta artisten, parte-hartzaileen eta kolaboratzaileen askatasuna sustatzen duen plataforma" dela eta "giza eskubide unibertsalen errespetua bultatzea" dutela abiapuntu.