Musika
Ekainak 28
Iñigo ETSk, Amaiak eta Arde Bogotak kontzertua emango dute Bilboko Itsasadarrean
EITB Media
Iñigo Etxezarreta ETSko kantariaren, Amaiaren eta Murtziako taldearen emanaldietarako sarrera doakoa izango da, eta kontzertuok pantaila erraldoietan ere ikusi ahalko dira. BBK Fundazioa sortu zeneko 10. urteurrena ospatzeko antolatu dute ikuskizuna.
-
Iñigo Etxezarreta (ETS), martxoan BECen emandako kontzertuan
Iñigo ETSk, martxoan BECen emandako kontzertuen ondoren "geldialdia" egingo zuela iragarri zuen taldeko abeslari, gitarrista eta konpositoreak, Amaiak eta Arde Bogotak doako kontzertua eskainiko dute ekainaren 28an Bilboko Itsasadarrean paratuko duten agertoki batean, BBK banku fundazio gisa sortu zeneko 10. urteurrena dela eta.
18:00etatik 21:30era entzun ahalko da musika, "lehorretik edo baimendutako ontzietatik", antolatzaileek zehaztu dutenez. Agertokia Udaletxeko eta Areatzako zubien artean paratuko dute, eta ETSko Iñigok abiatuko du programazioa.
Haren ondoren, Amaia arituko da, pianoa jotzen gainera, Si abro los ojos no es real bere hirugarren diskoa aurkezten, eta Arde Bogotá taldeak emango du eguneko azken kontzertua.

Antolatzaileek horrela irudikatu dute kontzertua
Segurtasun-arrazoiengatik, sarrera eta ur gaineko ontzien kopurua mugatuta egongo dira, antolatzaileek azaldu dutenez. Ontzi horiek BBKk kudeatuko ditu, eta BBK-k lan egiten duen hirugarren sektoreko elkarteen eta herritarren artean banatuko ditu, zozketa bidez. Halaber, mugikortasun murriztua duten pertsonentzako gune bat prestatuko da.