Itxi

Musika

BIRA

Armadak Fermin Muguruzaren kontzertua eten du Mexiko Hirian

Manu Gimenez | EITB Media

Armada eta Polizia Federala bertaratu dira, eta Foro Alicia aretoan zeuden 600 bat ikus-entzuleak aterarazi dituzte. "Zorionez" ez zela ezer gertatu adierazi du lasaituta, Muguruzak. Gobernazio Idazkaritza (Segob) eta Mexiko Hiriko agintariak gertatutakoa ikertzen ari dira.

1:21

Mexikoko Armadak eta Polizia Federalak Fermin Muguruza Mexiko Hirian ematen ari zen kontzertua eten dute bart eta 600 bat lagun aterarazi dituzte bertatik, poliziak eta militarrek "arma luzez" zain zeuden bitartean. Gertakari horrek arrabotsa sortu du, eta Mexiko Hiriko Gobernazio Idazkaritzak (Segob) eta agintariek gertatutakoa ikertu egingo dutela iragarri dute ordu batzuk geroago.

"Maiatzaren 30ean, ostirala, Mexiko Hirian Alicia Multiforoa hustu eta gero, kultur kolektibo independenteei gure errespetua berresten diegu. Mexikoko Gobernuak ez ditu ekintza horiek onartzen", adierazi du Segobek ohar batean.

Halaber, operatiboa nola egin zen ikertuko dutela iragarri du, Mexiko Hiriko poliziek eta elementu federalek parte hartu zutela baieztatu baitute, eta "dagozkion zigorren berri emango da".

Dirudienez, Foro Alicia aretoan kontzertua hasi eta gutxira, Armada eta Polizia Federala bertaratu dira, armak eskuetan, eta ikus-entzule guztiak atera dituzte barrutik, 600 pertsona inguru.

Liskarrik izan gabe hustu dute aretoa, baina ikus-entzuleak haserre zeuden, sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus daitekeenez.

Zenbait komunikabidek zabaldutakoaren arabera, hustearen argudioa zen baimenen bat falta zela eta edukiera gainditu zela. Bertan zeudenek, dena dela, militarren presentzia eta operatiboaren beraren gehiegikeria salatu dute.

Larunbat honetan, Muguruzak sare sozialak erabili zituen gertatutakoa gaitzesteko.

Fermin Muguruza mundu mailako bira egiten ari da bere musika ibilbidearen 40. urteurrena ospatzeko, eta hauxe idatzi du sare sozialetan: "Armada arma luzeekin kontzertu bat bertan behera uzteko? Mexiko Hiriko Cuauhtemoceko Alkatetza, Alessandra Rojo de la Vega PRI-PANekoa, sarraski bat nahi zenuen? Eskerrik asko Mexiko Hiriko nire jendeari, ez zarete probokazioan erori!".

Kontzertua eten zutenean, Muguruzak eta Ignacio Pineda aretoaren kudeatzaileak hartu zuten hitza, eta biek egin zuten lasaitzeko deia, istilurik izan ez zedin. "Kanpoan Armada dago, Guardia Nazionala, kale osoa hartu dute. Ez zaie gustatu Ferminen kontzertua antolatzea. Sekula ez zaigu horrelakorik gertatu, kale osoa inguratuta egotea, Armadak hartuta. Sartu egin nahi dute. Atea irekiko diegu, eta lasaitasunez ateratzea eskatzen dizuet. 200 polizia eta soldadu inguru daude, ez dugu indarkeriarik nahi, ez dugu ezbeharrik gertatzea nahi", esan du Pinedak oholtza gainetik.

Muguruzak sare sozialetan zabaldutako bideo batean, ikus-entzule bat ikus daiteke, haserre, hau esaten: "25 urte daramat sala klandestinoenetan eta komertzialenetan kontzertuetara joaten, eta sekula ez da Armada etorri arma luzeekin lokal bat ixtera". "Kontua da oraingo honetan Fermin Muguruza zegoela", salatu du.

Musikari irundarrak beste kontzertu bat emango du gaur Mexikon, Neza Hirian, hiriburutik 24 kilometrora. Doakoa izango da, eta musikariari babesa ematera joateko deia egin dute.

Hain zuzen ere, bertatik gertatuaren inguruko balorazioa igorri du Muguruzak. "Atzokoa latza izan zen", esan du; "zorionez" ez zela ezer gertatu eta eskerrak eman dizkie elkartasun mezuak igorri dizkieten guztiei.