Musika
Azaroak 13-16
Gorka Urbizuk lau kontzertu emango ditu azaroan Donostian, bira bukatzeko
N. V. | EITB Media
Boskoteak Victoria Eugenian joko ditu Tour Bat biraren azken kontzertuak, azaroaren 13, 14, 15 eta 16an. Sarrerak, ekainaren 4tik aurrera 30, 28 eta 26 euroko prezioan.
-
Gorka Urbizu. Argazkia: © Jokin Fernández
Gorka Urbizuk lau kontzertu emango ditu Donostian, Victoria Eugenia antzokian, 2025eko azaroaren 13, 14, 15 eta 16an; modu hori aukeratu du nafar musikariak Tour Bat bira ixteko.
2019an Berri Txarraken ibilbidea gelditu eta gero, Gorka Urbizuk 2024ko urtarrilean argitaratu zuen Hasiera bat diskoa, eta handik urtebetera, 2025eko urtarrilean, Bakan I bi kantuko singlea. Lan horien segida uda honetan Abbey Roadeko estudio mitikoetan grabatuko duela iragarri du kantariak.
Egun Amaia Miranda (gitarra), Karlos Arancegui (1. bateria), Felix Buff (2. bateria) eta Nando Neira (baxua) musikariek laguntzen dute Urbizu zuzenean.
Donostiako lau emanaldietarako sarrerak ekainaren 4an 11:30ean jarriko dira salgai artistaren webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.