Musika
Irailak 29-Ekainak 9
Euskadiko Orkestrak sustraietara joko du 2025/2026 denboraldian
N. V. | EITB Media
Maurice Ravel, Juan Cristostomo de Arriaga, Pablo Sorozabal, Carmelo Bernaola eta Felix Ibarrondo euskal konpositoreen lanak joko ditu Euskadiko Orkestrak, besteak beste, 2025/2026 denboraldian, eta "Akelarre" Pascual Aldaveren lana grabatuko du.
-
Euskadiko Orkestra
Euskadiko Orkestrak 2025/2026 denboraldia aurkeztu du gaur, Donostian, Roberto Ugate zuzendari nagusi berriak karguan egingo duen lehenengoa. Denboraldi Sinfonikoa 2025eko irailaren 29an hasiko da Gasteizen, eta 2026ko ekainaren 9an amaituko da Donostian. Guztira, 12 kontzertu-programa izango dira, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean, 50 kontzertu guztira.
Aurkezpen ekitaldian azaldu dutenez, denboraldi honetan oso agerian geratuko dira orkestraren sustraiak, eta Maurice Ravel, Juan Crisostomo de Arriaga, Pablo Sorozabal, Carmelo Bernaola eta Felix Ibarrondo konpositoreen lanak joko dituzte, besteak beste.
Haren jaiotzaren 150. urteurrenean, Maurice Ravelen Daphnis et Chloe berreskuratuko du Euskadiko Orkestrak Denboraldi Sinfonikoan, Landarbaso Abesbatzarekin batera, eta Juan Crisostomo de Arriaga hil zeneko 200. urteurrenean, Esklabo zoriontsuak haren konposizioa.
Halaber, Ravel eta Arriagarekin batera, Pablo Sorozabal, Carmelo Bernaola eta Felix Ibarrondo ere entzungo dira denboraldian, eta Guernica Felix Ibarrondo oñatiarra konpositorearen azken obra estreinatuko du.
Euskal konpositoreen zerrenda honetan, Pascual Aldave gehitu behar da, Euskadiko Orkestrak Akelarre haren lana grabatuko baitu.
Ahotsaren presentzia garrantzitsua izango da denboraldian; hamabi programa sinfonikoetatik zazpik ahotsa ere izango dute, eta gehienak Euskal Herrikoak eta emakumezkoenak izango dira: Miren Urbieta-Vega (Herminie), Sofia Esparza (Siete Lieder), Elena Sancho Pereg eta Marife Nogales (La nuit eta Uda gau bateko ametsa).
Horiez gain, beste konpositore handi askoren lanak izango dira entzungai emanaldietan: Berlioz, Fazil Say, Franz Schmidt, Cesar Franck, Johann Sebastian Bach, Strauss, Bruckner, Brahms, Rakhmaninov, Txaikovski…
Gainera, Bartzelonako L'Auditori aretora (azaroan) eta Otoño Musical Sorianora (irailean) iritsiko da Euskadiko Orkestra.
Abonu berriak uztailaren 1ean jarriko dituzte salgai, egungoak berritzeko epearen ondoren, 85 € eta 245 € arteko prezioan (10 kontzertu). Irailaren 1etik aurrera, sarrera solteak jarriko dituzte salgai.