Itxi

kultura

Elkarrizketa Radio Euskadin

Bilbao: 'Iskanbila ikusita, gera daitezela Orkestrak dauden moduan'

"Baina ez diezadatela bikoiztasunez hitz egin", adierazi du Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak (EAJ) Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak bat egitea proposatu zuen, eta, horrek "iskanbila" sortu duela ikusita, "gera daitezela dauden moduan", esan du, "baina ez diezadatela bikoiztasunez hitz egin", gaineratu du.

Radio Euskadin elkarrizketa egin diote Jose Luis Bilbaori, eta, azaldu duenez, ez zuen esan zein hiritan egon behar zen fusiotik sortutako orkestra, eta hausnarketa Iñigo Urkullurekin izandako bilera batean bota zuen. EOSaren egoitza Donostian da eta hiriko EAJko buruek orkestra bertan gelditzeko eskatu zuten asteartean, fusioaren emaitzaz egoitza Bilbon kokatuko zutelakoan.

Gipuzkoako PSE-EEk ere horren inguruan galdetu zuen, eta hainbat galdera egin dizkio lehendakariari, besteak beste, balizko fusio bat izanez gero egoitzarik aproposena zein izango litzatekeen argitzeko. Bizkaiko ahaldun nagusiaren arabera, erantzunak "neurrigabeak" izan dira, eta fusioa "ideia ona" dela uste du, egoitzen inguruan hitz egin ez zuen arren. "Iskanbila ikusita, gera daitezela Orkestrak dauden moduan", esan du, "baina ez diezadatela bikoiztasunez hitz egin", gaineratu du. Beste lurralde batzuetako proiektuen inguruan ez du iritzirik eman nahi izan, ez baitzaio gustatzen "inoren etxean" sartzea. "Bizkaiarentzat ona dena, Euskadirentzat ere ona da", aitortu du.

Gainera, Urdaibain Guggenheim zigilua izango duen museoaren eraikuntzari buruz ere aritu da, eta Guggenheim Bilbaoren plan estrategikoetan jarraitzen duela gogoratu du, baina gaur egun dagoen egoera ikusita "ezin da horrelako inbertsiorik egin". "Helduko da bere momentua", gaineratu du. Bilboko museoaren eta New Yorkeko fundazioaren arteko hitzarmena berritzea du helburu orain (2014an amaitzen da), eta hori egitearen aldekoak direla adierazi du.