kultura
Elkarrizketa
Baztarrika: 'Gure lehentasuna helduak euskalduntzea izango da'
Hizkuntza Politikarako sailburuordea Egunon Euskadin izan da eta euskararen sustapenari lehentasuna ematen jarraituko dutela aurreratu du.
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikara sailburuordea Egunon Euskadiko gonbidatua izan da. Aurrekontuei eta jasango duten murrizketen inguruan galdetu diote eta esan duenez, euskararen erabilera sustatzen jarraituko dute, helduen euskalduntzea lehenetsiz.
Euskarari dagokionez, Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordeak ziurtatu du Euskal Telebistan, euskararen sustapenerako oinarrizkoak diren arloei eutsiko zaiela. Helduen euskaduntzea aipatu du Baztarrikak.
"Biktimismoaren diskurtsoa" eta guztiz kontrakoa arbuiatu ditu, "euskararen osasuna batzuek aitortzen dutena baino hobea delako, baina nahi genukeena baino ahulagoa". Datorren urterako Jaurlaritzaren aurrekontuek murrizketak izango dituzten arren, Baztarrikak ziurtatu du euskararen erabilera sustatzeko oinarrizko jarduerak ez direla bertan behera utziko, eta berriro esan du ez dela ahulduko. Existitzen diren baliabideak "ustiatuko" direla eta euskararen erabilera soziala lehenetsiko dela azaldu du, eta beraz, helduen euskalduntzea bezalako eremuak lehenetsiko direla.
"Baliabideak ez dira gutxi izango eta gauza asko egin daitezke", ziurtatu du. Baztarrikak zehaztu du hizkuntza-politikaren arrakasta ez dela bakarrik baliabide ekonomikoetan oinarritzen, eta Eusko Jaurlaritzak euskararen erabileraren sustapenarekiko eta euskararen eta gaztelaniaren arteko "bizikidetza hobe" batekiko "lehentasunezko konpromisoa" duela azpimarratu du.