kultura
Publizitatea
Iazkoa hobetzera dator 'El Sol' publizitate jaialdia
Bilbon egingo dute bigarren aldiz, maiatzaren 30ean eta 31n eta ekainaren 1ean. Esan dutenez, kultura eta sormena bultzatzeaz gain, ekonomiarengan ere eragin positiboa izango du jaialdiak.
El Sol publizitate komunikazioaren jaialdi iberoamerikarraren 28. edizioa Bilbon antolatuko dute bigarren urtez. Maiatzaren 30ean, 31n eta ekainaren 1ean izango dute hitzordua Euskalduna Jauregian, sormenaren sektoreko profesionalek. Arduradunek, iaz lortu zuten adinako oihartzuna izan nahi dute aurten ere. Bigarren urtez, Bilbo izango da sortzaile iberoamerikarren topagune.
Kolpean jasotzen da mezua, eta segunduetan informazio osoa. Ikus-entzuleei berehala eragitea da iragarkien helburua. Uda datorrela eta galtzontzilotan ibiltzea etxean aitzakia deigarria izan daiteke, batez ere aire girotua saltzeko bada. Telebistarako egina dago iragarkia eta "El Sol saria" irabazi zuen iazko edizioan.
Jaialdiak 1.800 lagun bildu zituen iaz Bilbon. Bilboko udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du, eta arduradunak, zuhurtziaz bada ere, baikor daude aurtengo ediziorako ere. Hori dio behintzat Enric Pujades El Sol jaialdiko zuzendariak.
Publizitate eta komunikazioaren jaialdiak 13 atal izango ditu, eta atal bakoitzak epaimahaikide bana, publizitate agentzietako adituak eta enpresetakoak barne.
Osasuntzu dabiltza sortzaileak, dio Pujadesek. 2.500 pieza aurkeztu ziren iaz. Profesionalentzako jaialdia da, baina iaz izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere iragarki onenen emanaldia ikusteko aukera izango du jendeak. Ekainaren 2an Alhondiga gunean, publiko orokorrari zuzenduriko emanaldia eskainiko da. El Sol jaialdiaren ibilbidean zehar aurkezturiko lanik onenak izango dira ikusgai. Marta Ajuria, Bilboko udaleko ogasun zinegotziarentzat El Sol jaialdiak, kultura eta sormena bultzatzeaz gain, ekonomiarengan ere eragin positiboa izango du.