Itxi

kultura

Epea zabalik

Martxan da XXV. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatu eta saritzea da bere helburua.

Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatu eta saritzea helburu duten Rikado Arregi Kazetaritza Sariaren XXV. ediziora lanak aurkezteko epea zabaldu dute. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 13an bukatuko da. Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Ainara Rodriguez Andoaingo Udaleko alkateorde eta sariaren epaimahaiburuak eta Arantza Aguado Andoaingo Udaleko euskara tenikari eta sariaren epaimahaiaren idazkariak prentsa agerraldia egin dute Donostian, sariaren deialdia irekitzeko. Andoaingo Udalak antolatzen du Rikardo Arregi Saria, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntza eta babesarekin. Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatu eta saritzea da bere helburua.

Aurkezpenean nabarmendu dutenez, aurten beteko duen mende laurdeneko ibilbidean, "erreferentziazko bihurtu" da Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, eta gogoratu dute gaur egun euskarazko kazetari lanean sendotuta dauden hainbat izen ezagunek jasoa dutela saria. Modu honetan, 2012. urteko maiatzetik 2013. urteko maiatzera bitartean edozein euskarritan euskaraz argitaratu diren kazetaritza lanak aurkeztu ahal dira sarira. Saria hiru ataletan banatzen da: XXV. Rikardo Arregi Kazetaritza saria (9.000 euro); Kazetari Berria saria (3.000 euro); eta Epaimahaiaren Sari Berezia (4.000 euro). Gainera, lehen bi sari-ataletako saridunei Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren kaxa oroigarria emango zaie.

Hiru sari horiez gain, egoki edo beharrezko iritziz gero, Aipamen Berezia egiteko aukera eskura du epaimahaiak. Halaber, euskal kazetaritzaren historian ezinbesteko erreferentzia izan diren erakunde, ekimen eta pertsonei Ohorezko Aipamena egiteko aukera ere aitortzen zaio epaimahaiari.

2013ko udan jakinaraziko da sariei buruz epaimahaiak hartutako azken erabakia, apelaezina izango dena. Aipatu bezala, lanak maiatzaren 13ra arte bidali daitezke, honako helbide honetara: Andoaingo Udala; XXV. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria; Goikoplaza, z/g; 20140, Andoain (Gipuzkoa).