Itxi

kultura

Heriotza

Karmele Rotaetxe hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil da

81 urte zituen. Sorbona Unibertsitateko irakasle gonbidatu gisa ibili zen eta EHUn ere aritu zen.

  • Karmele Rotaetxe. Argazkia: EITB

    Karmele Rotaetxe. Argazkia: EITB

Karmele Rotaetxe hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil da, 81 urte zituela.

Karmele Rotaetxe Amusategi Bilbon jaio zen, 1932ko urtarrilaren 17an. Umea zela, eta Espainiako Gerraren ondorioz, Frantziara alde egin zuen familiak. Hortaz, Frantzian ikasi zuen Batxilergoa. 1967an, Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Hamar urte geroago, 1977an, "Estudio estructural del euskera en Ondarroa" izeneko tesiari esker (Koldo Mitxelenak zuzendua) lortu zuen Doktoretza, Salamancako Unibertsitatean.

1977tik aurrera, euskara klaseak ematen hasi zen, Bilboko Unibertsitate Autonomoan. Gero, Leioako Kazetaritza Fakultatean lan egin zuen, euskara eskoletako koordinatzaile moduan.

1978an, Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea martxan jarri zen eta bertan jardun zuen Rotaetxek, Frantses eta Hizkuntzalaritza Sailaren arduradun gisa. 1986an, Hizkuntzalaritza Orokorreko katedra eskuratu zuen.

1994-1995 ikaskurtean, Sorbona Unibertsitateko irakasle gonbidatu gisa ibili zen.

1997an, EHUko Kazetaritza Fakultatera itzuli zen.

Ibilbide luzea eduki du euskararen morfologia eta sintaxia aztertzen. Europako hizkuntzen egoera ere aztertu ditu ikerkuntza esparru horietan eginez.

2001 urteaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle emeritua da.

New York Academy of Sciencesko kide izan zen,  Hizkuntzalaritza Sailan. 1 EUROTYP, Europako Hizkuntzen Tipologia Ikertzeko Programako kide iraunkorra ere izan zen. La Gran Enciclopedia del Mundon lan egin zuen, Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura Saileko idazkaria izan zen 1987an, eta saileko presidentea 1987tik 1994ra.

1979ko abenduaren 23an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen eta 2004ko azaroaren 26an, aldiz, euskaltzain ohorezko izendatu zuen.

Akademiako Gramatika batzordekidea zen, martxan jarri zenetik. Bestalde, EGLU liburuetan parte hartu zuen hasieratik. Sustapen batzordeko aholkulari ere izan zen.