Itxi

kultura

Laguntzak

Euskara ikasleentzako diru-laguntza indibidualak berreskuratu dituzte

Laguntza horiek % 9,3ko jaitsiera izan dute orotara. Euskalgintzan eta IKTen arloetan izan da jaitsiera nabarmenena: % 15 eta % 45, hurrenez hurren.

1:12
Dirulaguntzak euskara ikasleak

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak 2013an euskara sustatzeko diru-laguntzak aurkeztu ditu. Aurreratu duenez, 41 milioi euro baino gehiago emango dituzte, sei arlotan: helduen euskalduntzea, euskalgintza, euskarazko hedabideak, IKTak, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia-Euskara Sustatzeko Ekintza Plana eta LanHitz. Aurten, laguntza indibidualak berreskuratu dituzte.

Laguntza horiek % 9,3ko jaitsiera izan dute orotara (Kultura Sailak % 10eko jaitsiera izango du aurten). Euskalgintzan eta IKTen arloetan izan da jaitsiera nabarmenena: % 15 eta % 45, hurrenez hurren. Gainera, hedabideen arloan, 2012ko kopuruei eutsi diete.

"Nahiz eta Aurrekontuak luzatu eta iaz baino diru-sarrera txikiagoak izan, iaz aurreko Jaurlaritzak bertan behera utzi zituen euskara ikasleentzako diru-laguntza indibidualak berreskuratu egingo ditugu, iaz zero euro ziren tokian aurten 700.000 euro baliatuz", esan du sailburuordeak.

Diru-laguntzak hartzeko eskaera egiteko epea maiatzaren 7an zabalduko dute, eta hilabete geroago itxi.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hiru helburu azpimarratu ditu: alde batetik, helduen artean euskararen ezagutza sustatzea, euskararen erabilera eguneroko bizimoduan indartzea eta euskararen normalizazioaren aldeko gizarte-ekimena sustatzea. Gainera, urte bakoitzeko diru-laguntzen deialdiak (HABErenak izan ezik -"bestela behar dutelako"-) urte hasieraren bueltan kaleratzeko konpromisoa hartu du.