Itxi

kultura

Argitalpena

'Linguae Vasconum Primitiae', ingelesez ere bai

Euskaraz idatzitako lehen lana ingelesez ere irakur daiteke, Reno-Nevadako Unibertsitatearen lanari esker.

  • 'Linguae Vasconum Primitiae'. Argazkia: EITB

    'Linguae Vasconum Primitiae'. Argazkia: EITB

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Reno-Nevadako (AEB) Unibertsitateko Center for Basque Studies zentroko Lagunen Elkarteak ingelesez argitaratu dute euskaraz idatzitako lehen lana: Bernat Etxepareren "Linguae Vasconum Primitiae". Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak eta Pello Salaburu University of Nevada in Reno unibertsitateko Center for Basque Studies zentroko Lagunen Elkarteko presidenteak aurkeztu dute argitalpena.

Lan hori, 2005. urtean Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Renoko Unibertsitatearen arteko lankidetzaren bidez argitaratzen hasi zen "Basque classics series" bildumako beste ale bat da. "Linguae Vasconun Primitiae" euskaraz idatzitako literaturan ezagutzen den lehenengo liburua da eta ingelesez argitaratu da orain Bizkaiko Aldundiaren eta Renoko Unibertsitatearen arteko lankidetza-akordioari esker. Liburuak Beñat Oyharcabalen hitzaurrea eta Pello Salabururen prologoa dauzka.

Aurkezpenean azaldu dutenez, Reno-Nevadako Unibertsitatea lan garrantzitsua egiten ari da duela zenbait urtetik Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) ingelesaren eraginpeko eremuan euskal kultura ikertuz eta zabalduz. Lan hori Jon Bilbao eta William Douglass irakasleek hasi zuten, eta harrezkero, haien lana oso onartua izan da eta Center for Basque Studies "ezinbesteko erreferentzia bihurtu da ingelesezko irakaskuntza, informazio eta komunikazio esparruentzat". "Linguae Vasconum Primitiae" ingelesez argitaratu duen Center for Basque Studies zentroak, ziur aski, Euskaditik kanpo euskal kulturari buruz dagoen liburutegirik onena dauka, aditu guztiek onartzen dutenez.

Gainera, dokumentu-funts bat dauka, berea bakarrik eta originala. Zentroaren jarduera hori, Etxepareren lana barnean hartzen duen bildumaren argitalpenean islatu, eta 'Nevada University Press'-en euskal gaiei buruzko bilduma berezia atera dute.