kultura
Elkarrizketa
Daraspe: "Euskal Etxe erraldoienak oraindik folklorizatuak dira"
Xan Aire
Adelaide Daraspe (1985, Urruña, Lapurdi) Montrealeko Euskal Etxeko lehendakaria da, baita bixkotxa apaindu egilea.
-
Adelaide Daraspe. Argazkia: EKE
Mundua bere begirada gazteaz begiratuz, Euskal Etxeei eta diasporari hats berria ematen saiatzen da Adelaide Daraspe globe-trotter nekaezin hau, euskal kulturak bere zirarra atxiki dezan, lau haizeetara.
Nondik zetorkizu etengabe bidaiatzeko gogo hori?
Ez dakit, gure burasoek ez baitute sekulan diru anitz ukan, eta txikitan ez baitut bidaiarik egin. Egun batez, Iratira joan ginen akanpatzera, bertzerik gabe! Hala ere, burasoek medio murritzekin lortu dute guregan halako irekidura bat munduarekiko, gehienbat ipuinen eta liburuen bidez. Haiek ere irekidura hori ukan dute. Gero, amaren aita armeniarra zen, amatxiren burasoak Suitza eta Italia aldekoak: halako nahasketa kulturala bada. Nire burasoen etxean beti edaten da Armeniako kafea, adibidez. Xehetasun txiki horrek salatzen du gure etxean betidanik ezagutu dugun kutsu exotiko hori.
Gero, munduari irekitzerakoan, ikastolak ere ukan du bere eragina. Aita-amak betidanik engaiatuak ikusi ditut, eta horrek ematen dizu, heldua zarenean, mugitzeko, gauzak eraikitzeko gogoa. Eta, haiendako, argi zen haurrek euskara ikasiko zutela, euskaldunak izanen ginela: badakit zer naizen, nor naizen. Horrek ere bertze tokietan zer pasatzen den jakiteko gogoa ematen dizu, konplexurik gabe.
Armeniako erroak jorratu ote dituzu?
Hasi nintzen, duela bi urte, bertako hizkuntza ikasten. Baina artean ukan ditudan proiektuekin, alde batera utzi dut. Gero, egoera aski berezia da, aitatxiren familia genozidioak txikitu baitu: hamalau haurrideetatik zazpi hil dira, gehi aita-amak. Baina familian erraten da eritasunez hil zirela... Osoki tabou den gaia da. Eta aitatxi aspaldi hil zenez, ez dut harreman zuzenik bertako gauzak ezagutzeko. Horregatik dut hizkuntza zinez ongi menperatu nahi lehenik, gero nire baitatik joateko hara, eta ez turista gisa. Ez dakit noiz gauzatuko den, baina bidaia berezia izanen da niretzat, sakona.
Artean, zure bizitzaren zati bat munduaren bertzaldean eraman duzu...
Bai, Quebecen! Masterra egiteko, banuen urrun joateko gogoa. Europa errezegia zen, hurbilegi. Bordeleko unibertsitatean, partaide zituzten bertze ikastetxeen zerrenda bat eman zidaten, eta Quebec ikusi nuelarik... Ez dakit zergatik, baina argi izan zen, niretzat, hara joanen nintzela. Ez nuen deus, inor ezagutzen kontinente osoan. Ene irakasle batek harremanak bazituen han, tesia bale-ehizaz egina zuelako. Hark bazidan proposamen bat egiteko: Quebeceko euskal komunitatea ikertu, haien objektuen bitartez. Haien euskaltasuna nola bizi zuten jakitea zen xedea. Etxe barnetaraino sartu beharko nuen...
Zer aurkitu duzu?
Hainbat gauza! Orokorki, ikusgarria zen objektu xumeek nolako garrantzia hartzen zuten han. Edo objektuei egindako egokitzapenak... Adibidez, hiru makila ikusi izan ditut, lerroan paretetan zintzilik, hainbat etxeetan, hemen ikusten ez dena. Eta erramolde bereziak ere zituzten, makiletan zizelkaturik: "Nahiz eta urrun, betiko lagun". Edo pegatina batek ere, nolako balioa hartzen duen han. Hemen ostatu baten gainean egonen dena, inork kasurik egin gabe, altxorra da han: pixka bat urratzen baduzu, erdi-negarrez hasten zara! Hori lehenagoko belaunaldiendako. Gazteagoetan, ez da batere berdin. Euskal diaspora anitzetan ikusten dugu biziki folklorizatua... Hala da, baina gazteagoak joan dira ikasketarako, edo lan baterako, eta beren euskaltasuna modu berezian bizi dute. Haientzat, euskal kultura ez dira bakarrik dantza zaharrak. Argi dute hori ondarearen zati dela, eta gure kultura zerbait gehiago badela. Funtsean, euskalduna ez den jendeak ere ulertua du, hori: Tokioko, Berlingo Euskal Etxeak sortu ditu, pentsa! Berlingo Euskal Etxea alemaniarrek dute sortu, Gernikaren inguruan, interes handia baitzuten hori ezagutzeko eta ezagutarazteko; Alemanian ez zen behar bezala aipatua, haien iduriko. Hastapenean, ikerlariak ziren, gauzak sakondu nahi zituztenak: liburuak argitaratu dituzte, ekitaldi kulturalak sortu... eta horrela sortu da bertako Euskal Etxea. Japonian, berdin, interes handia bada euskal kulturarekiko. Baina toki horiek ez dira hain ezagunak, zoritxarrez.
Beti irudi folkloriko hura jiten zaigu, munduan zehar dauden euskaldunengandik...
Bai, Euskal Etxe erraldoienak oraindik folklorizatuak baitira. Handiak direnez, indarra badute, eta haiek dute diasporaren irudia errazago zabaltzen. Nik uste Quebecen bezalako Euskal Etxe txikiagoei doakiela ekarpen berriak egitea. Eta, horretarako, Etxepare institutuarekiko eta Euskal Kultur Erakundearekiko partaidetzak beharrezkoak dira, munduan zabal dezagun euskal kultura bizitzeko bertze modu bat.
Orohar, zer toki emana zaio euskarari, Euskal Etxeetan?
Gutxi. Euskara klaseak badaude, baina eragin motzekoak. Eta gu ere, saiatzen gara idatzietan euskara txertatzen, eta hizkuntza bera balorizatzen diskurtsoetan... Baina zer eragin duen, ez dakit. Euskal Herritik kanpo den-dena elebidunez egiteak, ez dakit zentzu handirik baduen, oso jende gutxik baitaki euskaraz. Behar bada hobe diskurtsoan zehatza izatea, nahiz eta erdaraz egin.
Alta, diasporan ere, badago jende bat, euskaltasunaz harro izanik ere, haurrei euskararik transmititu ez duena...
Diaspora desberdinetan ere ikusten da, hori. Etxetik urrun bizitzean, integrazioa nahi duzu, lehenik. Beraz, badute euskaltasun hori haien baitan, baina ez dute ikusten euskara jakiteak zertan lagunduko dituen haien haurrak bizitzen eta integratzen. Alta, segitzen dute euskaldunen artean ateratzen edo ezkontzen, batez ere Amerikar Estatu Batuetan! Hor da paradoxa...
Baina Euskal Herrian egon, ala Amerikan, fenomeno berdina gertatu da...
Hizkuntzari balioa ematea aski berria da, nire iduriko. Belaunaldi bateko jendeak euskara baserritar munduari baizik ez zuen lotzen, eta balio sozialik ez zion ematen. Hau da, bizitzan zerbait lortzeko, ez zela euskararen beharrik. Ideia hori sakonki barneratua du belaunaldi batek, zoritxarrez. Hizkuntzaren kontzientzia orain da zabaltzen ari, munduan zehar ere bai.
Quebecen ere borroka gaitza ote da, frantsesa atxikitzeko?
Bai, baina gu baino aitzinatuagoak dira, hala ere! Lege mailan, ikusgarria da... Han, imigratzen duen pertsona batek, ez du haurra eskola ingeles batean ezartzen ahal: frantsesa ikasi behar duela legea da. La loi 101, zerbait da, eta ez dakit konturatzen diren! Komertzioetan, publizitateetan, ez da ingelesarik ematen ahal. Denda batean ezin zara sartu egun on ingelesez erranez. Legez, lehenik frantsesez agurtu behar duzu, eta gero ingelesez, nahi baduzu.
Lege hori, modu baikorrean hartua ote da?
Gehien-gehienentzat, bai. Legea aitzin, pentsaketak, eztabaida luze eta sakonak izan baitira. Hori funtsezkoa izan da, gaur egun lege horrekiko ezagutzen den lasaitasuna bizitzeko. Ingeles hiztunak, noski, nolabait nardatuak dira, eta tentsioak izan daitezke... Baina nik uste gehien-gehiena konturatzen den lege horren beharraz. Nahiz eta legea izan, ingelesak geroz eta eremu gehiago hartzen baitu Montrealen, adibidez... Baina gainerateko herrietan, zinezko blokatzea dute ingelesarekiko.
Euskal Herrian, prest ote ginateke horrelako lege bat ukaiteko?
Nire ustez, horrelako lege bat beharrezkoa litzateke, hemen ere bai. Lege horren zati batentzat, nik uste prest gauden. Gero, ez dakit ea lege bati aurre egiteko une egokirik badenez. Gauza da jakitea zer nahi dugun, eta zer ez. Hori mahai gainean ezartzea... Baina legea nahi badugu, noizbait hasi behar da lege horren aplikatzen, nahiz eta jende guztia oraindik ez prest izan. Legeak baitu normalizazioa bideratzen, nire iduriko: lege bat pasatu eta, bost urteren buruan, nehork ez du gehiago galderarik pausatzen...
Euskal Etxeak zer ekartzen dio Quebeci?
Bertan, interes handia bada euskal kulturarekiko. Pentsatzen dut kultura minorizatuen arteko lotura bat egiten dutela, halako elkartasun naturala sortzen dela. Beraz, badakite nora jo, gutaz zerbait jakin nahi baldin badute. Gero, turismo bulegoko lanetan ere ibiltzen gara! Quebectarrek Euskal Herria joan nahi badute, edo, alderantziz, euskaldunek Quebecera, hor gara laguntzeko, gidatzeko. Aldiz, ez da logelarik, lokala zinez txikia baita. Euskaldun izanez, ez dugu deus ofizialik, baina harreman-sarea bederen osatzen dugu.
Eta Euskal Etxeek, zer ekartzen diete Euskal Herriari?
Irekidura bat. Gero, ez zait hala gustatzen zortzigarren probintziaren erramoldea. Niretzat, ez da probintzia bat. Bestela, erran nahiko luke gure lurraldeak, gure zazpi probintziek, ez dutela baliorik, eta ez genukeela borrokatu behar horien atxikitzeko. Eta Euskal Etxeek talde bat osatzen dutela... Ez naiz hain ados, NABO-k eta FEVA-k ez baitute batere izpiritu berdinean lan egiten, adibidez. Bertzalde, eta lehenago aipatzen hasi naiz, Euskal Etxe xumeok, folklorismotik ateratzeko, bertze zerbait ekar dezakegu. Bertze zerbait ekarri behar dugu.
Adibidez?
Konferentziak, edota xuri-gorri-berde eta lauburuetatik ateratzen diren agerraldiak. Ez dut erran nahi horiek ukatu behar direnik, baina zentzua galdua dute. Eta Euskal Etxeok ez dugu ahantzi behar gure kulturaren erakusleiho garela, munduan zehar. Guk, adibidez, Kalakan taldea ekarrarazi genuen, 2011an, edo Zortzi proiektua ere gauzatu dugu, aurten: joaldunen txapel bat hartu dugu, eta, horrek inspiraturik, Christophe Paviak neskak orraztatu ditu, bakoitza bost minutuz, jendeaurrean performance bat eginez. Quebecen egin dugu agerraldia, eta New Yorken ere izan gara, gero, karrikan, eta jendeak maitatu du.
Horrelako gauzak dira errazenik erakusten, munduan zehar?
Bai, horiek dira sinpleenak. Bistan da ekitaldi horiek berak ez direla aski azaltzeko gure kultura zer den, baina jendea lotzeko interesgarriak dira. Eta erakusten dute euskaldunon borondatea, bai irauteko, bai zaharberritzeko, biziberritzeko, eta batez ere sortzeko. Sorkuntzak baitu gure kultura etengabe bizirik atxiki, eta atxikaraziko. Orduan, ikusgarri horien gibelean, sakontasun hori guztia dugu azaldu behar, munduan zehar.
Nola iritsi zara Euskal Etxeko lehendakari izatera?
Talde bikaina topatu dut, giro sanoarekin, eta erraza izan da integratzea. Bakarrik iritsi nintzen hara, nire bi zakuekin... Ederki lagundu naute hastapenetik, nire ikerketa lanetarako ere bai. Jendea ezagutuz bezala, Euskal Etxean geroz eta barnago sartu naiz, harremanak sendotu, bertako ibilmoldea ezagutu, menperatu dut... Gero, garrantzitsua izan da Quebeceko kultura, ohidurak eta berezitasunak ulertzea. Lehen aldiz konferentzia gaualdi bat proposatu nuelarik, lagunek erran zidaten ez zela nehor etorriko... Baina jendea bildu zen! Han, jendea ez da ohitua, hemen bezala, afariak egiten, ezezagunen ondoan jartzen, jateko... Eta horrelako xehetasunetaz ohartzen zara han biziz, jendearen arteko harremanak ezagutuz. Lehendakari-orde izan naiz, eta lehendakaria larriki eritu zenez, haren segida hartzea galdegin zidan; taldeak onartu zuen, eta horra, laugarren urtea izanen dut! Baina azken urtea dudala errana diet, bertze proiektu batzuk baititut gauzatu nahian. Euskal Etxetik anitz gauza ikasi dut, unibertsitate ona izan da niretzat.
Zein dira zure proiektuak?
Bixkotxa enpresatxo bat muntatua dut. Hori ere, kultura nahasketa bat da! Egiteko moldea Ipar Amerikako kulturatik hartua dut, Quebecen ikasirik, hori ere: bixkotxa apainduak dira. Noski, Euskal Herriko ezaugarriez apaintzen ditut. Modu pertsonalizatuan ere egiten ditut; hori, haurrek gustukoa izaten dute, bereziki. Tailerrak antolatzen ditut, nire sukaldean, edo jendeen etxeetara joanez. Euskaraz zein frantsesez, errealitatea hor baita: euskaraz eginez soilik ez naiteke bizi. Bixkotxez aparte, Christophe Paviarekin ere gehiago lan egin nahiko nuke, eta horren inguruan artista gehiago lotu. Geroari begira, kultur munduan lan egin nahi dut... Baina hori baino lehen, munduari itzuli bat eman nahi diot, heldu den urtarrilean hasirik.