Itxi

kultura

Zuzenean

Itsas ekosistemak, mintzagai

eitb.com-ek zuzenean eskainiko du asteartean, 'Itsasoen osasuna' jardunaldia. Ibon Cancio eta Xabier Irigoien nazioarte mailako adituek parte hartuko dute.

  • Itsas ekosistema. Argazkia: EITB

    Itsas ekosistema. Argazkia: EITB

eitb.com-ek zuzenean eskainiko du asteartean, 19:00etatik aurrera, 'Itsasoen osasuna' jardunaldia. Itsas ekosistemen egungo egoera aztertuko dute zientzia jardunaldi horietan.

Jardunaldi honetan bi hitzaldi eskainiko dira, nazioarte mailan ospe handia duten bi adituren eskutik. Batetik, Ibon Cancio UPV/EHUko Biologia Zelularreko irakasle eta Plentziako Itsas Estazioaren (PIE-UPV/EHU) ikertzailea denak hitz egingo du. Bestetik, Xabier Irigoien irakasleak, Saudi Arabiako Abdalá Erregea Zientzia eta Teknologia Unibertsitatearen Sea Research Center Zentroaren zuzendariak hartuko du hitza. Hitzaldien ondoren, eztabaida irekiko da eta nahi duen guztiak hartu ahalko du parte. Sarrerak doan dira, aretoa bete arte.

'Itsas genomika, sexua eta drogak' izenburua duen hitzaldian, Ibon Canciok 'intersex' izenarekin ezagutzen den fenomenoari buruz hitz egingo du, kasurik latzenetan, kutsadura dela eta, izakien sexua alda dezakeen fenomenoaz alegia. Arazo hori, besteak beste, barbarinetan (Chelon labrosus) identifikatu da  Urdaibaiko Biosfera Erreserban eta Pasaiako, Ondarroako eta Bilboko portuetan. Arrain arren feminizazio horrek mehatxuan jartzen ditu kaltetutako izaki-multzoak.

Xabier Irigoienek 'Biodibertsitatea uren artean' izeneko hitzaldiaren emango du, zeinetan planktonaren dibertsitateaz eta hark ozeanoen funtzionamenduan duen funtsezko betekizunari buruz hitz egingo den. Gainera, Saudi Arabian bizi eta lan egiten duen ikertzaileak itsas planktonaren ikerketak biodibertsitatea arautzen duten mekanismoak hobeto ulertzeko zergatik diren lagungarriak azalduko du.